Txapela guztiak, Urrizarentzat

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 6a, 01:00

Urrizak 30-18 irabazi zion atzo San Migueli, Buruz Buruko Masterreko finala. Denboraldi honetako txapela guztiak irabazi ditu. Bere esanetan, «urtea, sinestezina izan da».

Javier Urrizak ez zion aukerarik eman Julen San Migueli eta 30-18 irabazi zion atzo Buruz Buruko Masterreko finala. Iruñeako aurrelaria aurreneko tanto­tik nagusitu zen. Azken garaipen honekin, denboral­diko txapela garrantzitsue­nak lortu ditu. Udan, Buruz Buruko Txapelketa Nagusia irabazi zuen lehenengo aldiz, orain dela bi aste, Binakako Txapelketa irabazi zuen laugarren aldiz eta orain, Masterra irabazi du. Txapeldunaren esanetan, «partidu borobila egin dut. Finalerdietan baino hobeto atera dut eta horrek konfiantza haundia eman dit». Lortutakoa baloratu eta aurrera begira ere jarri da: «Urtea, sinestezina izan da. Inoiz ez nuen halakorik imaginatuko. Orain aurkari­ek gehiago exigituko didate eta hori erronka bat izango da neretzat. Ikasten jarraitu behar dut eta txapela gehiago irabaztea espero dut».

Hasieratik nagusi
Urrizak hasieratik oso serio jokatu zuen; San Miguelek, berriz, ez zituen ideiak oso argi eta motel xamar ibili zen. Urriza 5-0 jarri zen aurretik eta pixkanaka aldea haunditzen joan zen: 18-4. Hortik aurrera, San Miguel jokoan sartu zen eta partidua parekatuagoa izan zen, baina berandu, 14 tantotako aldea gehiegizkoa baitzen. Dena dela, 10 tantotara gerturatzea lortu zuen. 27-17. Urrizak 17 tantorekin bukatu zuen, lau fallorekin eta sakez egindako 7 tantorekin. San Miguelek 3 tanto egin zituen sakez eta peloteoan, 11 tanto eta 6 fallo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!