Luis Mari Zaldua: «Gure lurraldea oso aberatsa da toponimian, malkarra delako, eta katramilatsua»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 6a, 01:00

Luis Mari Zaldua urnietarrak lan mardula bukatu berri du Urumeako Zilegimendietako Toponimiari buruz. 700 orrialdeko liburua da, CDarekin lagunduta datorrena. 1989an Aranzadirekin hasi zen inguruko toponimia biltzen, eta azkenean Doktorego Tesia egin du, orain aurkeztu duena.

Kilometro karratu bakoi­tzean 50 toponimo; guztira 1.855 toponimo. 73 elkarrizketa eta ezin konta ahala do­kumentu. Luis Mari Zal­duak lan mardula aurkeztu berri du Urumeako Zilegi­men­die­tako Toponimiari buruz, 700 orrialdeko Doktorego Tesia, hain zuzen ere. Ho­gei urte baino gehiago daramazki urnietar honek inguruotako toponimia az­ter­tzen. Inongo dudarik gabe esan liteke, bera dela gehin­tsuena dakiena bai horri bu­ruz, eta baita hain bereziak di­ren Zilegimendi, sarobe eta abarri buruz ere.


Itxura denez, oso aberatsa da hemengo toponimia. Zerk eragin du hori? Gauza askok eragin dute hori. Batetik, oso orografia berezia eta aberatsa duelako: malkarra eta katramilatsua da, zoko, erreka eta muinoz betea. Bes­tetik, gizakia aspalditik dago hemen. Aztarna batzuk badira, 27.000 urtekoak. Pentsa, gi­zakia hor ibili da gizaldietan, eta horrek arrastoa utzi du.


Funtsean, zer da toponimia? Eta zer erakusten digu?
Lurraren helbideak. Izen multzo bat, gizatalde batek bere ingurua deskribi­tzeko erabili duena. Izaki geografikoak izendatzeko izen multzo bat. Toponimia ez da gauza poetiko bat; funtsean oso gauza praktikoa da. Toponimiak erakusten digu, batetik, lurra irakurtzen. Patziku Perurena goizuetarra oso lagun ona dut, eta hari askotan lapurtu izan diot esaldi hau: ezagutzen dudan libururik aberatsena lurra bera da; eta toponimia da horren aurkibidea. Bestetik, toponimiak balio du giza talde baten mugimenduak ezagutzen. Historiako da­tu asko ematen ditu, arkeologiarako ere bai. Gizakiak nola interpretatu duen bere ingurua. Euskera ikertzen ari direnen­tzat ere oso baliagarria da, lehen­dabiziko testuak XV-XVI mendeetakoak dira, eta horren aurretik toponimia bakarrik dago. Azken batean, ondarea da, gure ondasun nabarmena.


Zein ezaugarri ditu hemengo toponimiak?
Batetik, aspaldiko lekukotasunak dauzkagula. 1.025ean le­hen­dabiziko aipamenak ba­di­tugu. 12garren gizaldian de­zente dira: 1101 urtean hasi eta 1197 urtera arte. Hori zorte haundi bat da ikerlariarentzat. Bestalde, hasierako ida­tzietan azaltzen diren izen asko gero ere azal­tzen dira, eta orokorrean nahiko ondo mantentzen di­ra, hasierako forma beretsuan. Hor adibidez Hernani azaltzen da, ia aldaketarik gabe: 1101­ean Ernani, 1105ean Ernania eta 1186an Hernani. Pentsa, orduz gero, ez du izan aldaketarik. Erreka-zuloz jositako in­guru honetan, asko eta asko dira Ura, Erreka edo Iturri aipatzen dituztenak. Giza jarduerak ere badu garran­tzia: etxe, bide, gurutze, sa­gasti, sarobe, soro, edo zubi. Lan­da­re­en sailean, ba­so, elorri, zelai, larre... Oro­grafia aldetik, men­di, haitz, harri, ibar, lepo, lur, muino, munto, zabal, zoko, zulo... Asko azaltzen diren izenondoak: koloreak, beltz, gorri, txu­ri, urdin; edo bestelakoak, gaixto, legor, haundi, txiki edo zar.


Baina itxura denez, izen asko galtzen ari dira. Zer dela eta hori?
Arrazoi bat baino gehiago dira izenak galtzeko. Batez ere, lehen jende asko zebilen lekuetan, gaur egun ia inor ez dabilela. Hori gizarte aldaketak ekarri du. Azken mendean edo 50 urteetan galdu da gehiena. Hirietan dabil orain jendea, eta men­diak hustu egin dira; jendeak galdu egin ditu erreferentziak, behar ez dituelako.


Baina dagoeneko asko eta asko bilduta dago ezta?
Bai. Oraindik badelako jendea horri bizirik eusten diona. Nik 73 elkarrizketa egin ditut, eta horietako hizlari batzuk oso onak dira; badira 100 eta 200 toponimo eman dizkidatenak ere. Material hori oso aberatsa da bai toponimiarako eta baita bertako euskalkia ikertu nahi duenarentzat ere.


Nola egiten da horrelako lan bat? Zein dira pausoak?
Ahozkoa, idatzizkoa eta arautzea aipatzen dituzu.
Bai. Ahozkoa da bertako jendearekin egiten dena. Lekura bertara joan, eta galdetu egi­ten diozu berari: «zein da han ikusten den lepo hura?» Elip­sia­ren artea deitzen diot nik horri; ezin diozu galdera edo­zein moduz egin: «hori zer da Akola?». Berak beti erantzun­go dizu: «bai». Horrela ezin zaio galdetu. Gero dago bigarren lana, do­kumentuetan begiratzea; ar­txi­boetan-eta. Nik pasa di­tut artxibo pila bat, Her­na­ni, Urnieta, Donostia, Oñati... eta abar. Normalean, gakoa izaten da jabetza: erosi, saldu... mendietako txostenak, basoetakoak, bide konponketak, eta abar. Eta azkenik arautzea. Izen bat hainbat eratara aurkitzen dugunean, bat erabaki behar da, eta hor hainbat faktore hartzen dira kontuan. Asko­tan gaizki interpretatu izan dira leku izenak, eta berezko esanahia aldatu egin da. Kasu horietan, komeni da berezko esanahia zein den adieraztea. Etxaspuru adibidez, oso kuriosoa da. Urte askotan, ia atzo arte, Etxe-aizpuru edo Etxas­puru azaltzen da. Gaur egun, ordea, Itxas­pu­ru edo Itxasburu gisan ezagutzen dugu, hainbat konturekin nahastu delako, itsasoa horraino iristen zela eta abar... Guk hor Etxaspuru proposatu dugu.


Epele/Epela edo Latxe/Latxa aldaerak ere sortu lezake eztabaida ezta?
Ez zait iruditzen. Hitz horiek atzo arte Epela eta Latxa izan dira, eta aldaketa fonetikoez ari gara, ez muineko aldaketez. Adibidez, Fago­llagari Paolla esaten zaio, edo Ere­ñotzuri Iñatzu, baina Fago­llaga eta Ereñotzu jartzen dugu. Bertakoek Epele esaten segi behar dute lasai, baina mapan uste dut Epela etorri behar duela.


Zenbat denbora pasa duzu lan hau egiten?
1989tik, gutxigorabehera. Or-duan hasi ginen Aran­za­di­rekin lehendabiziko elkarrizketak egiten. Hiazinto Fernan­do­renarekin hasi nintzen, eta gero proposatu zidaten Dok­torego Tesia egiteko. Ordutik hona egin dut tesia, lanak eta egunerokoak utzi didaten den­bora libreetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!