Bi enpate eta gero, Aranburuk irabazi zion Parrasi, kale edo balekoan

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 5a, 01:00

San Silvestreko tiraldia zuten Santa Barbaran, Txantxangorriko plater tiratzaileek, urtarrilaren 31n. Mini Fosoan lehiatu ziren, eta azken 25 urteetan ohitura bihurtu den tiraldia izanik, tiratzaile dezente azaldu zen beti bezala, 35 guztira, eta beterano batek irabazi zuen, Jose Antonio Aranburuk, hain juxtu.

Kalitatea eta emozioa; biak izan zituen joan den asteleheneko tiraldiak, Santa Barbaran. Jose Antonio Aran­buruk irabazi zuen, bi aldiz enpatatu eta kale edo bale­koan. Bigarren Javier Parras, eta hirugarren bikote bat, Luis Mari Zerain eta Asier Tejada.

San Silvestre eguna ospa­tzeko, urte zahar egunean urtero antolatzen du Txan­txan­gorrik tiral­dia, Mini Foso modalitatean, eta aurten 35 tiratzaile bildu dira bertan. 11:20etatik aurrera, bi ordu inguruz aritu ziren dinbiti danba, 6 tiralariko sei tal­de­tan (azkenekoan 5 tiratzaile).

Asko, aurreko puntan
Aurren bigarrenen borroka ikusgarria izan zen. 25etik 24 plater jota, Aranburuk eta Parrasek desenpatea jokatu zuten. Han ere enpate, 21na platerekin; eta kale edo bale jokatu behar. Hor beteranoa nagusi, Aranburu.
Dena dela, bertan ziren beste bi tiratzaile ere, Santa Barbaran ondo ezagunak direnak: Luis Mari Zerain eta Asier Tejada, 23na plater jota geratu ziren, hirugarren postuan.  Eta oso gertu ziren, Ignacio Goñi, Vidal Parra, Jose Manuel Zapiain, Luis Garayar, Iñaki Urdanpilleta, Xabier Mujika, Oskar Re­don­do, Antonio Redondo eta beste hainbat.

Iban Lasak, 15 urterekin 20 plateri danba!
Gazteen mailan azpimarratu beharrekoa, inongo dudarik gabe, Iban Lasa hernaniarra­ren maila. 15 urteko gazteak harrituta utzi zituen denak, 25 plateretik 20 hautsi baitzituen.

Luntxa eta sariak
Ondoren, luntxa eta sariak eman zizkien Txantxangorrik parte hartzai­le guzti-guztiei, urte guztian egindako lana eskertu nahian.

Elkarteko arduradunak gustora ziren parte hartzaile kopuruarekin, eta eguna­re­kin. Kronikari jakinarazi dio­tenez, 2013ko txapelketen egu­te­gia prestatzen ari dira, eta Hernaniko Udalarekin ere hitz egiten ari dira, tira­lekuaren nondik norakoak zehaztu, eta aurrera begirako pausoak emateko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!