«Aurpegiak margotu ditugu, zezenen karetak egin ditugu... eta olinpiadetan ibili gara!»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 5a, 01:00

«Egun batean aurpegia margotu ziguten eta asko gustatu zitzaidan...», «zeze­nen karetak ere egin ditugu eta neri gehiena hori gustatu zait...», «neri armiarma jolasa eta olinpiadak...». Dobera Euskara Elkarteak Negule­kuak antolatu ditu aurten, bigarren urtez, Gabonetako oporretan. Denera, 4-9 urte bitarteko 11 haur elkartu dira eta Maialen Alberro eta Maialen Hernandez begira­lee­kin ekintza ezberdin ugari egin dituzte.
Haurrek aipatu bezala, olinpiadak egin dituzte, aurpegiak margotu dituzte, zezenen karetak egin dituzte... Horrez gain, betiko jolasak, ipuin kontaketak eta muralak antolatu dituzte begiraleek, besteak beste. Atzo berriz, azken eguna zenez, merendola eder bat egin zuten. Sorpresa ere izan zuten: karaokea.

«Oso talde ona
izan da eta oso ondo
moldatu gara»

Negulekuetan, 11 umeak astelehenetik ostiralera egu­ne­ro bildu dira, goizeko 09:00etatik 13:00etara (jaiegu­nak izan diren bi asteartetan ez). Begiraleek azaldu du­tenez, oso balorazio positiboa egiten dute. «Oso talde ona izan da eta oso gustora aritu gara. Ez ziren ezagutzen. Adin ezberdinetakoak ziren, eskola ezberdinetakoak... baina oso ondo moldatu dira». Umeek ere halaxe azaldu diote Kronikari, oso gustora ibili direla.
Begiraleek, balorazio positiboa egiten duten arren, iaz baino jende gutxiago apuntatu da aurtengo Negulekuetan eta datorren urteari begira, ume gehiago animatzea gustatuko litzaie­ke. «Ea datorren urtean ume gehiago ditugun!».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!