Atzean utzi berri dugun urtean, Euskal Herriko makina bat lasterketetan hartu du parte Ibai Alba hernaniarrak. Eta horietan lortutako emaitzak kontuan hartuta, bera izan da txapelduna. Euskal Herriko III. lasterketen liga irabazi du, 1963,34 punturekin. Aurreko bi urteetan bigarrena izan da. Erregetako Nazioarteko krosetik hasi eta Azpeitiko San Silbestreko lasterketa arte, 64 lasterketa hartu dira kontuan. Albak, 18 probatan hartu du parte. Hilabete honetan jasoko du saria Anoetako kirol etxean. Bigarrena, Lakuntzako Alberto Martinez izan da.
Hernaniarren artean, berriz, mutiletan, Ibon Iriondo izan da bigarrena (1867,85 puntu-25 proba). Eta hirugarrena, Garikoitz Rekondo (1739,11 puntu-19 proba). Nesketan, Laida San Sebastian (1153,38 puntu-15 proba), Karen Ortiz de Guinea (807,03 puntu-6 proba) eta Maitane Guerrero (721,72 puntu-8 proba) izan dira lehenengo hernaniarrak. Denera, 7.348 korrikalarik hartu dute parte ligan eta horietatik 138 hernaniarrak izan dira.
Orioko San Silbestrean Alba txapeldun, Roman hirugarren Donostian
Astelehenean, ohitura den bezala, hainbat herritan San Silbestre lasterketa egin zen. Albak Orion hartu zuen parte eta bera izan zen 200 partaide ingurutatik azkarrena. Aurretik, igandean, Oiartzunen hartu zuen parte presoen aldeko lasterketan eta bigarren geratu zen. Orain, lesionatua dago.
Donostian ere egin zen San Silbestreko lasterketa eta urtero bezala, hernaniar ugarik hartu zuten parte. Horien artean izan zen Sergio Roman eta hirugarren postua lortu zuen 00:26:10 denborarekin. Nesketan Hernaniko azkarrena, Itziar Urdangarin izan zen 00:36:27 denborarekin. Mutiletan, Hernaniko bigarrena eta hirugarrena: Peru Alfaro (00:27:43) eta Juan Luis Gomez (00:28:18). Eta nesketan: Maitane Guerrero (00:37:00) eta Karen Ortiz de Guinea (00:37:13). Denera 2955 korrikalarik bukatu zuten karrera eta horien artean ziren 137 hernaniar. Emaitza guztiak: www.kirolprobak.com.