«Igeriketa taldeak bere gorabeherak izan ditu, baina beti dago jendea igeri egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 5a, 01:00

Igeriketa taldeak 25 urte betetzen ditu aurtengo denboraldian, hau da, 2012-2013an. Hernaniko Kirol El­kartearen parte bezala 1987-1988 denboraldian sortu zen, baina ez zen hutsetik hasi. 1985 urtean dagoeneko mar­txan zen taldea. Guraso ba­tzuk egindako proposamenetik abiatuta, Kiroldegian lanean aritzen ziren bi monitorek ekin zioten zeregin horri; Arantxa Urbieta eta Iñaki Iurramendik, hain zuzen. Ordurako ikastaroren bat edo beste eskaintzen zen Kirol­degian, baina igeriketa kirol bezala praktikatzeko aukerarik ez zegoen eta horregatik ikusi zuten beharra. Bi urte haietan, Elorrabi kirol elkarte bezala funtzionatu zuen.

14 bat entrenatzaile
Urte guzti hauetan, 14 bat entrenatzaile pasa dira igeriketa taldetik. Egun, Jon Ander Izuzkiza da entrena­tzaile bakarra. Izuzkiza orain dela 6 bat urte hasi zen entrenatzaile lanetan, baina igeriketa munduan bizi guztia darama. «9 urterekin igerilari moduan hasi nintzen eta ordutik bertan jarraitzen dut. Igeri egiteari orain dela 3 urte utzi nion, nahiz eta oraindik tarteka aritu. Gehienbat ikasleak motibatzeko», dio.
Orain dela 3 urtera arte Borja Apeztegia eta bera ari­tzen ziren entrenatzaile lanetan, baina ordutik bakarrik ari da. Oraingoz moldatzen dela dio eta gustora dago. «Gainera tarteka taldeko zaharrenak ere laguntzen dit», dio.

Maila haundiko igerilariak
25 urte hauetan zehar igerilari pila pasa da Hernaniko taldetik eta maila haundiko igerilariak ere atera dira. Hasiera­ko­ak: Luis, Aitor eta Iñigo Goñi anaiak, Itsaso Zabala, Iker Ira­zu… Azken urteetakoak: Olatz Altuna, Mañel Aizpu­rua, Maitane Danborena, Itsa­so Tolosa… Espainiako Txa­pel­­ketetan ibiliak eta emaitza onak lortutakoak dira, besteak beste.
Hernanin hasi arren, beste talde haundiagoetan bukatu dute, «Hernaniko taldeak mugak baititu. Eta normala da joatea. Hobetu egin nahi dute eta hemen ez dute aukerarik», dio Izuzkizak.
Bere esanetan, «arazoa, igerilekua da. 30 bat urte baditu eta oso txikia eta zaharkitua ge­ratu da. Bost kale bakarrik ditu eta jende asko ibiltzen da. Izan ere, 20.000 inguru biztanleko herri batentzat ez da nahikoa».
Entrenatzaileak gaineratu duenez, aipatutako igerilari horiez gain, urtero izaten da baten bat Euskadiko edo Gipuzkoako txapelketetan parte hartzen duena. «Eta orain dela 6 bat urte ere, 2005-2006 inguruan, nesken taldea oso maila onean ibili zen. Bi urtetan, taldeka izaten den Euskadiko Txapelketan hartu zuen parte», azpimarratu du.

42 igerilari eta 3 talde
Igeriketa elkartea sendo dago Izuzkizaren ustez: «Bere gorabeherak ditu, baina beti dago jendea igeriketa egin nahi duena. Egia da, hasieran, askoz ere jende gehiago ibili zela. Nik 22 urte daramazkit igeriketan eta gogoratzen ditut garaiak 100dik gora kide ginenak. Orain dela lau bat urte, berriz, 60-70 bat ginen eta gaur egun 42. Boladak dira».
42 igerilari horiek 3 taldetan banatuta daude: alebin-benjaminak, 22 dira; infantilak, 11; eta jubenil-seniorrak, 9. Gehienak neskak dira eta igerilari zaharrenak 22 urte ditu. «Gero 18 urteko bi igerilari daude eta gainerakoak gazteagoak dira. Askok utzi egiten dute ikasketak direla eta», azaldu du Izuzkizak.

«Iazkoa errepikatzen
badugu, gustora»

Aurtengo helburuei buruz galdetuta, entrenatzaileak argi du: «Lehenengo helburua beti da, igerilariak gustora egotea. Gero, emaitzak etortzen badira, primeran, baina ez da garrantzitsuena. Eta helbururen bat esatearren, iazkoa errepikatzen badugu, gustora egongo gara». Bakar batzuk Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetara sailkatu ziren, igerilariek beraien denborak hobetu zituzten...
Normalean baino beranduago, abenduan hasi zen igeriketa denboraldia Gipuzkoa­ko Kluben Koparekin, eta ekainera arte luzatuko da. Her­na­niko Trofeoa ere jokatu zuten abendu bukaeran eta orain, urtarriletik aurrera, Gipuzkoa­ko Liga hasiko da. Bertan lor­tzen dituzten denboren arabera, Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko sailkatuko dira igerilariak. Hori urtarrilaren bukaeran jokatuko da.

Arcachonera irteera

Urteurrenari begira, ez dute ospakizun haundirik egiteko asmoa. Hori bai, taldean bertan zerbait egingo dute, bazkariren bat, irteeraren bat… Oraingoz, Izuzkizak Arca­chone­­ra joateko plana darabilki buruan. «Urtero egiten ditugu irteerak. Denboraldi hasieran Zuhatzara joaten gara denak eta Aste Santuan Sa­loura jubenil eta seniorrekin. Orain irteeratxo bat prestatzea pentsatzen ari gara, beraien artean gehiago ezagutzeko eta talde giroa sortzeko».
Izuzkizak gonbitea luza­tzen die herriko gazteei, igeriketa egitera animatu daitezen. «Probatu dezatela kirol hau».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!