Ostalarientzako euskera ikastaroa, sagardotegi garaiari begira

Kronika - Erredakzioa 2013ko urt. 2a, 01:00

Ikastaroa hilabete honetan hasiko da. Guztiz praktikoa izango dela azaldu dute eta bi orduko 14 saioz osatuta egongo da. Bilera informatiboa, hilaren 8an 18:00etan, Biterin.

Txotx denboraldia gainean da eta hori kontuan hartuta, ostalarientzako euskera ikastaroa antolatu dute Buruntzaldeko 6 udalek, Banaiz Bagara elkartearekin eta Emun kooperatibarekin.

Ikastaroa, «oso praktikoa»
Antolatzaileek azaldu dutenez, «ikastaro hauek zentzu oso praktikoan planteatu ditugu, egunerokotasunean euskera nola erabili azaltzera bideratuta. Ostalaritzan beharrezkoak diren euskerazko hitzak eta esamoldeak ikasiko ditugu, guztiz egoera errealetan oinarrituta. Euskeraz hitz egiteko lotsa edo ohitura falta gainditzeko ariketak ere landuko ditugu eta establezimendu mota ezberdinetara egokitutako ikastaroa izango da».

Saioen %80ra joanez gero, diruaren erdia, itzuli
Ikastaroa, hilabete honetan hasiko da eta bi orduko 14 saioz osatua egongo da. Prezioa 30 eurokoa izango da, baina saioen %80ra joanez gero, diruaren erdia itzuliko dute.

Hernaniarrei zuzenduta, bilera informatiboa hilaren 8an egingo da 18:00etan, Biterin. Astigarragakoentzat ere egun berean izango da 16:00etan, Astigarragako kultur etxean. Informazio gehiago: 943 00 80 33 edo 645 733 818. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!