Gaurkoa da 2012 urteko azken eguna, eta urtea behar bezala agurtzeko, ez da faltako urteroko zita. Ohitura Zaharrak abesbatzak bertso, kopla eta kantuak kantatuko ditu gaur, 17:30etan Plazatik abiatuta. Trikitilariak izango dituzte lagun, eta Kaxkoan barrena ibiliko dira.
Abiatu baino ordu laurden lehenago, 17:15etan, jarri dute elkartzeko zita, udaletxeko arkupeetan.
Festa, Goiz Eguzkin eta Karboneran ere
Urtea bukatzeko, ordutegi berezia izango da gaur Goiz Eguzkin; 15:00etatik 18:30etara irekiko dute. Karboneran berriz, festa izango da gaur gauean, mozorro eta DJekin.
Urtea hasteko berriz, bailea izango da bihar Goiz Eguzkin, 17:30etatik aurrera.
Bertso jaialdia
Bertsolatarekin bukatzeko ez da asko falta. Larunbateko emanaldi gozo eta txispaz betearen atzetik, Bertso jaialdia izango da ostiralean, 19:30etan Biterin, punta-puntako bertsolariekin.