2013 urtea hastearekin batera, Aldabe farmaziak erreleboa hartuko dio Etxebeste farmaziari eta gaueko guardia guztiak berak egingo ditu. Aldabe farmazia Antziola auzoan dago, Correa farmazia zenaren ordezkoa da. Garikoitz Aldabe eta Estibalitz Arantzamendi dira oraingo nagusiak. Dena dela, gaueko zerbitzua ez dute beraiek emango, hiru farmazilariz osatutako talde tekniko batek baizik. Orain arteko farmazilari berdinak izango dira: Mar Santamaria, Marian Arbaizu eta Yolanda Caro. Gaueko zerbitzua 22:00etatik 09:00etara izaten da, larrialdietarako. Eguneko guardia zerbitzuak ere izaten dira, farmaziak itxita dauden orduetan: 13:30-16:00 eta 19:30-22:00. Bertan, Hernaniko 7 farmaziak txandakatzeaz gain, Urnietako Tango eta Odriozola, eta Astigarragako Agudok ere parte hartzen dute.
«Lehen adinekoekin egiten genuen lan, orain gazteekin»
Aldabe eta Arantzamendi ekainetik ari dira Antziolan lanean. Correak, jubilazioa tarteko, farmazia utzi zuen eta eurek hartu zuten. 2002an karrera bukatu zutenetik dabiltza farmazilari lanetan biak, baina orain arte besteentzat egin dute lan eta orain eurentzat ari dira. Hernanin oso gustora daudela azaldu diote Kronikari: «Aieten bizi gara eta alde horretatik, gertu geratzen zaigu. Horrez gain, jendea oso jatorra da. Gainera, orain arte adinekoekin egin izan dugu lan, errezetekin, batez ere, eta orain gazteekin. Txupeteak, esnea... saltzen ditugu».
Farmazian ez dute obrarik egin, baina euren gustora antolatu dute. Apaindu ere egin dute.
Gabonetako marrazki
lehiaketa
Aldabe farmazian Gabonetako marrazki lehiaketa ere antolatu dute. Ostegunean banatu zituzten sariak. 2-5 urte bitartekoen artean honakoak izan dira lehenengo hirurak: Maialen Palacios, Leire Lorenzo eta Aiane Zubeldia. Eta 6-12 urte bitartekoetan, honakoak: Paola Lorenzo, Haizea Cano eta Maddi Santana. Parte hartzaile guztientzat izan zen sariren bat edo beste.
Aldabe farmazia Perkaiztegi 8, Antziola. 943 33 60 22.