Igerian, hegan, oinez... pausorik pauso bagoaz lelopean, ekitaldi berezia antolatu zuen atzo ilunabarrean Herrira mugimenduak, hileko eta urteko azken ostirala izanik.
Iluntzeko 20:00etan lau kalejira musikatu atera ziren Antziola, Portu, Zikuñaga eta Portu auzoetatik. Dultzaina, trikitixa eta albokarekin lagunduta egin zuten lau kalejirek Plaza Berrirainoko bidea, lelo desberdinak zituzten kartelak eramanez: Kondena beteta dutenak kalera!; Gaixo larriak kalera; Dispertsiorik ez; eta Presoen giza eskubideak errespetatu.
Plaza Berrin elkartu ziren denak, eta elkarrekin egin zuten Gudarien plazarainoko bidea, bertako ekitaldian parte hartzeko.
Mimoz eta herritarrez osatutako mosaikoa
Plaza bete zuten ia, atzokoan, euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena egitera gerturatu ziren herritarrek.
Mimoz jantzitako 28 pertsona zeuden bertan zain, «mimoak, mimoak behar dituztenentzat eta ukatzen zaizkienentzat». 28 mimo, herriko 27 euskal presoak eta iheslariak gogoratzeko. Mimoek eta herritarrek, binaka-binaka, 28 piezako mosaikoa osatu zuten, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia luzatzeko. Sarrionandiaren hitzak gogoratu zituzten horretarako: «kartzela egin nahi dute, herria itotzekoa; herria egingo dugu, kartzelarik gabekoa».
Autobusak, goizez eta arratsaldez
Urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestaziorako autobusak jarriko dituztela jakinarazi zuten, goizez, 11:00etan abiatuta, eta arratsaldez, 15:30etan abiatuta.
Autobusetarako txartelak erosi daitezke dagoeneko, Txili, Zintzarri, Garin eta Onddi tabernetan.