Emakumea Pilotari Txapelketako finalak jokatuko dira gaur, 18:00etatik aurrera, Donostiako Atano IIIa pelotalekuan. Bertan, lau hernaniarrek hartuko dute parte eta elkarren aurka neurtuko dira, lehenengo mailan eta bigarren mailan. Alde batetik, Eli Pagolak, Mendizabal bikote duela, Miren Goikoetxearen aurka jokatuko du, lehenengo mailan. Goikoetxeak Arozenarekin jokatuko du. Bi hernaniarrak jubenil mailakoak dira oraindik eta maila ederra erakutsi dute txapelketa osoan. Gipuzkoako bi atzelari onenak izango dituzte bikote. Pagola eta Mendizabal dira faborito, azken urteetako txapeldun haundia baita Mendizabal. Bestetik, bigarren mailan, Eneritz Perezek, Etxegiarekin, Garbiñe Tijero izango du aurrez aurre. Tijerok Errasti izango du bikote. Etxegia eta Perez indarrez aritu dira txapelketa osoan, baina bikote beteranoa ere indar eta ilusio haundiz iritsi da finalera. Partidu borrokatua espero da.
Garazi Urdangarin finalean 16:00etatik aurrera
Umeen finalak ere jokatuko dira gaur Atano IIIan 16:00etatik aurrera eta benjamin mailan Garazi Urdangarinek jokatuko du. Egun hauetan Lasarte eta Amasan topaketa-txapelketa jokatu dute Hernaniko ume palistek eta bertan lortutako emaitzei esker jokatuko du finala gaur Urdangarinek. Jokatutako partidu guztiak irabazi ditu.
Napar Txapelketako
finalean hiru hernaniar, bihar
Napar Txapelketako finalak jokatuko dira bihar goizeko 11:00etatik aurrera, Iruñeako Labrit pelotalekuan. Bertan, Hernaniko hiru palistak jokatuko dute. Elite mailan Amaia Irazustabarrenak, Arozenarekin, Aristorena eta Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko du. Eta lehenengo mailan, Miren Goikoetxea eta Maider Senper, Garmendia eta Aristorenaren aurka neurtuko dira.