Aurtengo denboraldian, 60 arraunlari inguru dabiltza Hernaniko Arraun Elkartean; hasi infantiletatik eta seniorrak bitarte; bai nesketan eta baita mutiletan ere. Guztiek, Gipuzkoako Batel Ligarekin hasiko dute denboraldia urtarrilaren 13an. Dena dela, egun hori iritsi bitartean, estropadaz gozatzeko aukera izango da. Urrutira joan gabe, gaur bertan, Hernanin. Izan ere, Gipuzkoako Federazioaren Saria jokatuko da Elorrabin, lehenengo aldiz. Infantil eta kadete mailako arraunlariek hartuko dute parte. Nesketan, infantil-kadeteetan, 11 taldek hartuko dute parte; mutiletan, infantiletan, 13 taldek; eta kadeteetan, 11 taldek. Hernanitik 7 batel aterako dira. «Irailean hasten dira entrenatzen eta denboraldia hasi bitartean luze egiten da. Horregatik, beroketa moduan, horrelako estropadak antolatzen dira. Tolosan egin zen orain dela bi aste eta gaur Hernanin izango da», azaldu du Xabi Gurrutxaga entrenatzaileak. Estropada goizeko 11:00etan hasiko da.
Taldea asentatu eta iazko emaitzak hobetzeko asmoa
Aurtengo denboraldirako helburu batzuk jarri dituzte elkartean. Hala azaldu dute Xabi Zabala eta Xabi Gurrutxaga entrenatzaileek: «Alde batetik, taldea asentatu nahi dugu. Gazte asko ditugu eta horiek asentatzea da helburua. Bestetik, lehengo urteko emaitzak hobetzen saiatuko gara. Nesketan aukera polita ikusten dugu aurrean ibiltzeko eta mutiletan, infantiletan ere bai. Kadete mailakoak lehenengo urtekoak dira denak eta datorren urtera begira egingo dugu lan».
10 batel ligan
Maila ezberdinetako 10 batel aterako ditu Hernanik aurten: nesketan, infantil eta kadeteak nahastuta, 3 batel osatzen dituzte eta seniorretan batel 1. Mutiletan, infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan 2na batel dituzte. Senior mailan, 5 arraunlari ditu Hernaniko arraun elkarteak eta hitzarmen bat lortu du Donostiako Kaiarriba taldearekin. «Hitzarmen horri esker, hemengo seniorrak hara bideratzen ditugu eta bertako bigarren traineruan ibiltzeko aukera dute», azaldu dute bi entrenatzaileek.
Arraun elkarteko bi neska ere ibili ziren lehengo urtean traineruan, San Juanen; Amets Zapiain eta Ainitze Kalonje, hain zuzen. Aurten Zapiain bakarrik ari da, oraingoz. Kalonje entrenatzaile lanetan ari da arraun elkartean.
Iaztik, gazte asko
Batel Liga Aste Santura arte luzatuko da eta ondoren, apirilaren 13 eta 14an Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatuko da. Behin hori bukatuta, Trainerillen Liga hasiko da, ekainera bitarte. Trainerilletan jubenilek eta seniorrek hartu dezakete parte. Sei arraunlari behar izaten dira eta hori horrela, Hernaniren kasuan, jubenil mailako mutilek bakarrik dute aukera parte hartzeko. Baina horrek ez ditu kezkatzen entrenatzaileak: «Trainerillak atera edo ez, ez da gure helburua. Gazte asko dabiltza iaztik Hernanin arraunean eta gustora gaude horrekin. Orain dela 6 urte atera zen azken trainerua Hernanitik. Zerotik hasi ginen berriz, lau katu ginen, eta orain esan liteke, kopuru aldetik muga xamarrean gaudela. Egokitzen joan gara eta oso pozik gaude lortutako emaitzarekin. Hiru pertsona berri ere hasi dira lanean».
Traineruen kasuan ere, berdin pentsatzen dute. «Gainera, traineruak ateratzeko, jende gehiago beharko litzateke, baina ez arraunean bakarrik, baita elkartean ere. Orain gaudenon artean bakarrik ezingo genuke aurrera atera. Eta noski, dirua, eta ez da horretarako garai onena», azpimarratu dute. Dena dela, momentua iritsiko balitz ere, bertan gordeta dituzte hiru traineru.
Elkartea zabaltzen
Aipatu bezala, elkartea egokitzen joan da eta arraunlari gehiago izatearekin lanak banatzen joan dira eta entrenatzaile berriak ere sartu dira. Zabala eta Gurrutxagarekin, honako hiru entrenatzaile berri dabiltza: Ainitze Kalonje, Ander Lavado eta Iñigo Goñi. Arraun elkarteko presidentea, berriz, Juanjo Etxarte da eta juntako gainerako kideak: Xabi Zapiain, Patxi Artola, Iñaki Alberdi, Aitor Galdos eta Javi Pastor.