Bertso zahar eta berriak, musikak lagunduta

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 29a, 01:00

Emanaldi berri bat aur­keztuko dute gaur arratsal­dean Imanol Kamiok, Eñaut Agirrek eta Aitor Atxegak, Bertsolataren barruan. Historiaren hari zahar horri... izeneko ikuskizuna estreina­tu­ko dute, arratsal­deko 19:30e­tan Biterin. Bertso zahar eta berriak entzuteko aukera izango da bertan, momenturako jarriak, doinu zahar eta doinu berriekin. Emanaldiak ordu eta laurdeneko iraupena izango du.

Berri eta zahar, ezagun eta ezezagun
Gaurko emanaldian bertso zahar eta berriak kantatuko ditu Eñaut Agirrek. Imanol Kamiok eta Aitor Atxegak berriz, musika jarriko dute; eskusoinu eta pianoarekin batek, eta gitarrarekin, bes­teak. Doinu zahar eta berriak joko dituzte, hauek ere. 

Ordu eta laurdeneko ikus­kizunean denetariko bertsoak entzuteko aukera izango da; historikoak eta berriak, eza­gunak eta ezezagunak. Ho­rien artean, ondorengo bertsolarien letrak entzun ahal izango dira: Txabolategi, Artzai, Txikia, Txirrita, Uda­rregi, Pello Errota, Lazkao Txiki, Loidisaletxe, Lazkano, Goiburu, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Mikel Al­tzuart eta beste hainbatenak.

Sarrerak Biterin, emanaldiaren aurretik
Sarrerak 5 euro balio du, eta Biteri kultur etxean bertan erosi ahal izango dira, emanaldia hasi baino lehen.

Bertsolata bukatzeko, 2 emanaldi
Aurtengo Bertsolatan aspal­dian baino saio gehiago izan dira. Baina hauek ere bu­katzen ari dira. Bi emanaldi besterik ez dira gelditzen. Lehenengoa datorren as­telehenean izango da. Urtero bezala, urtezahar gaueko erron­dan kantari aterako dira. Urtarrilaren 4an berriz, urteroko jaialdi haundia izan­go da, punta-puntako bertso­lariekin. Arratsaldeko 19:30e­tan Biteriko oholtza gainean izango dira Sebastian Liza­so, Igor Elortza, Odei Barroso, Iñaki Zelaia, Iker Zubeldia eta Eli Pagola. Amaia Otxotorena izango da gaijartzailea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!