«Eguraldiak ez du askorik lagundu hasiera honetan, baina bide onetik dijoaz lanak», azaldu dio Kronikari Ereñotzuko Auzo Udalak. «Gauzak okertzen ez badira, datozen San Antonioetarako pelota plaza estreinatzeko moduan izango garela uste dugu», gaineratu dute. Urria erdialdetik, frontoia egiteko lanak martxan dira Ereñotzun eta lanen iraupena zazpi hilabetekoa izango dela aurreikusten da.
Estalia izango da,
baina ez itxia
Ereñotzuko frontoia, plazan ari dira eraikitzen, plaza egiturari jarraipena emanez, eta estalia izango da, baina ez itxia. Hala azaldu dute Auzo Udaleko kideek: «Kirol instalakuntza soil bat baino gehiago izan behar du eraikuntza honek. Hau da, Ereñotzun ez dago toki publiko estali bakar bat ere eta hainbat ekitaldietarako irtenbide ederra izango da. Garai batean deitzen zitzaien bezala, pelota plaza izango da».
32 metroko pelotalekua izango da, hau da, 9 koadro pasatxo. Errebote finkorik ez du izango, Auzo Udalaren esanetan, «inguruak plaza izaera hori galdu ez dezan». Oraindik guztiz erabaki ez badute ere, jakinarazi dute, Ibai Kerejeta arkitektoa lanean ari dela erraz jarri eta kendu litekeen errebote motx baten diseinuan.
Frontoiak goikaldean dagoen eskolatik jaitsiera zuzena izango du, eskailera bidez. Horrez gain, hiru mailako harmaila izango du eta bi aldagela koxkor, launa dutxarekin. Ereñotzuarrentzat beharrezkoa den beste zerbitzu garrantzitsu bat ere izango du: komun publikoa.
2011 urtetik proiektua
martxan
Ereñotzuko Auzo Udalak 2011 urtean jakin zuen, Behemendiren bidez, Landa guneen garapenerako Eusko Jaurlaritzak ematen duen diru laguntza eskatzeko aukeraren berri. Hori horrela, aurreproiektua prestatu zuten eta eskaria bideratu, Behemendirekin elkarlanean.
Diru laguntza hori lortuz gero, proiektua aurrera eramateko aukera ikusten zuen Auzo Udalak; eta 2011 bukaerarako zantzu bakoirrak bazituzten arren, erabateko ziurtasunik ez zuten izan 2012ko otsailera arte. Orduan jakin zuten baita ere, diru laguntza zenbatekoa izango zen.
Orduan, finantzaketa azterketa egin zuten eta proiektua adjudikatzeko prozesua hasi. Proiektua idaztea Ibai Kerejetaren arkitekto bulegoari eskatu zioten eta udara aldera zabaldu zen lanak kontratatzeko lehiaketa.
Urriaren hasieran lanen kontratazioa erabaki zen -- Etxezabal enpresa -- eta urriaren erdialdera lanak hasi zituzten.
Auzo Udaleko hiru urteko aurrekontuetako zati bat, proiektua ordaintzeko
Proiektu osoaren kostua (BEZa barne), 647.800,47 eurokoa da eta Eusko Jaurlaritzako diru laguntzaz gain, beste hainbat ere izan dituzte; hala nola, Gipuzkoako Diputazioarena eta Behemendirena. Horrez gain, Auzo Udalak garbi zeukan proiektu honek eginahal ekonomiko haundia eskatuko ziola eta horregatik, Eusko Jaurlaritzako diru laguntza oraindik baieztatua ez bazegoen ere, 2011ko aurrekontutik zati bat proiektu honentzako bereizi zuen. Eta gauza bera egingo dute 2012 eta 2013ko aurrekontuetan ere.
Auzo Udalaren helburua da, zorretan edo mailegu eskaeretan ez sartzea. «Hala ere, behar izanez gero, Hernaniko Udalak mailegu bat egiteko aukera eskaini digu», azaldu dute.
Pelotalekuaren finantzazioa (proiektua eta eraikitze lanak):
Proiektuaren kostu osoa (BEZa barne): 647.800,47 euro.
-Eusko Jaurlaritzako diru laguntza: 297.500,98 euro.
-Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza: 60.000,00 euro.
-Behemendiren diru laguntza: 12.000,00 euro.
-Ereñotzuko Auzo Udalaren 2011-2012-2013ko aurrekontuetatik jasotakoak: 278.299,49 euro.