Olentzero arratsaldean iritsiko da, ‘Kottonio’ karga-karga eginda

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 24a, 01:00

Olentzero goizean goiz abiatu da Oindiko txabolatik Hernani­ra, «Kottonio badaramakit opariz kargatua, buz­ta­netik burura dana tapatua». Arratsaldeko 18:00ak aldera iritsiko dela jakinarazi dio Hernaniko Kronikari, eta ume guztiak zai egoteko Gu­darien plazan. «Ondo portatu direnak, eta bihurri xamarrak izandakoak ere bai!» Denen­tzat izango omen da aurten. Kale buelta egin, eta berriz Gudarien plazara iristean, umeak banaka-banaka hartuko ditu, ikazkin zaharrak.

Dena dela, aurretik ere Olentzero ikusteko aukera izango da. Ikastetxeek aterako dituzte bere Olentzeroak, eta eguerdi partean ere urteroko ohitura beteko da: Olentzero baserriz baserri ibiliko da, Zikuñaga eta Osi­ña­gan. Biteritik abiatuko dira, autobusez, 15:30etan.

Kantua eta musika, arratsalde eta gauean
Bertsolariak ibiliko dira baserriz baserriko olentzeroarekin, eguerdian. Arratsal­de­an, bes­te hiru talde ere aterako dira ka­lera: Parrokiko Ko­ruak le­kuz aldatzea pentsau du aurten, eta 17:00etan kantatuko du, Agustinetan. Goiz Eguz­kiko abesbatzak Zaha­rren Egoi­tzan kantatuko du, 17:30­etan, eta ondoren kalez kale ibiliko dira. Kantuz abesbatzak ere Ga­bonetako Kale Buel­ta egin­go du, urterokoa, 18:30­etan Mila­grosatik abiatuta. Musika Bandak emango die bukaera biharko ekitaldiei, eta kalean barrena ibiliko dira, Ga­bonetako Errondan, 20:00­etan abiatuta, Gudarien plazatik.

Bihar Alborada izango da Hernaniko kaleetan, Hernani Musika Eskolako txistularien eskutik.

Truke Azokak, kontzertuak, eta abar luze bat
Hainbat taldek aprobetxatuko du gaurko eguna, beren postuak jarri edo festak egiteko. Gazte Asanbladak, adibidez, Truke Azoka egingo du, goizeko 11:00etan, Guda­rien plazan. Herritarrei dei egin diete, etxean behar ez dituzten gauzak eraman eta beste batzugatik trukea egiteko. AEK euskaltegiak ere pos­tua jarriko du. Mariskada eder bat zozketatuko da, eta Ko­rrikako materiala salgai jarriko dute, 11:30etatik 14:00­­etara, eta 18:00etatik aurrera. Herrirak ere mariskadako bo­letoak salduko ditu eta zozketa egingo du, 20:00etan.

Karboneran, adibidez, festa izango da gaur gauean eta urte zahar gauean: DJak, mo­zorroak, giro aparta.

Ordutegi berezia, Goiz Eguzki jubilatu etxean
Goiz Eguzkik 15:00etatik 18:30etara irekiko du gaur eta urte zahar egunean. Bihar eta urteberritan, bailea. 

EKITALDIAK GAUR ETA BIHAR
  • Gaur, Olentzero Baserriz Baserri: Biteritik autobusa. 15:30.
  • Gaur, Gabon Kantak: Parrokiko Korua. Agustinetan. 17:00.
  • Gaur, Gabon Kantak: Goiz Eguzki Abesbatza. Zaharren Egoitzan
    hasita. 17:30.
  • Gaur, Olentzero kaleetan barrena: Gudarien plazan. 18:00.
  • Gaur, Gabonetako Kale Buelta: Kantuz. Milagrosatik. 18:30.
  • Gaur, Gabonetako Erronda: Musika Banda. Plazatik. 20:00.
  • Bihar, Eguberri Eguneko Alborada: Musika Eskolako Txistulariak.
  • Bihar, Bailea, Goiz Eguzkin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!