Atzerriko bi fitxaketa, goiko postuetara hurbiltzeko

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 28a, 01:00

Uruguayko Pablo Adrian Lemoine eta Samoako Maurie Fa’asavalu dira Hernaniko jokalari berriak. Denboraldi honetarako eta datorrenerako sinatu zuten kontratua atzo.

Hernaniko Ohorezko mailako taldeak bi jokalari berri ditu atzotik. Eta ez nolanahiko jokalariak. Atze­rriko bi jokalari esanguratsu, hain zuzen: Pablo Adrian Lemoine uruguayarra eta Maurie Fa’asavalu samoarra. Atzo sinatu zuten Errugbi elkartearekin kontratua. Denboraldi honetarako eta datorrenerako izango dira trikoloreen parte, hasiera batean. Lemoinek lehenengo lerroan jokatzen du eta Fa’asa­valuk hirugarrenean. Paketea indartuz, goiko postuetara hurbiltzeko asmoarekin fitxatu ditu Hernanik. Hala azaldu zuen atzo Joxe Elosegi kirol zuzendariak: «hasierako helburua mailari eustea zen, baina orain, maila honetan mantendu bakarrik ez, goiko postuetara hurbildu nahi dugu eta oraingo jokalariekin eta berri hauekin aukera ikusten dugu horretarako». Uruguayarrak oso kontentu dagoela azaldu zuen: «Europako liga batean joka­tzea aurrerapauso haundia da neretzat, eta errugbi eskolari halako garrantzia ematen dion talde batean joka­tzea, erronka». Samoarrak oraindik ingelesez bakarrik hitz egiten du eta hitz gutxitan esan zuen oso pozik dagoela.

«Elkarteak ez die ordainduko eta gure izaerari eutsiko diogu»
Elosegik argitu zuen fitxaketa hauek euren babesle bati esker (Gisat enpresa) egin ahal izan dituztela. «Akordio batera iritsi gara eta jokalariek enpresan egingo dute lan, jornada erdiz, eta gainerakoan errugbian ariko dira. Elkarteak ez die ordainduko, enpresak baizik; beraz, gure izaerari eutsiko diogu». Gabonetako oporrak bu­ka­tzean, serio jarriko dira la­nean gainerako taldekideekin eta urtarrilaren 13an, Vi­goren kontrako partiduan za­­leek jokalari berriak ezagutzeko aukera izango dute.

Jokalarien datuak:

Pablo Adrian Lemoin:
Montevideo (Uruguay), 1982.
Neurriak: 1’85m eta 125kg.
Postua: Lehenengo lerroa.
Orain arteko kluba: Montevideoko Cricket Club taldea (4 urte).

Maurie Fa’asavalu: 
Apia (Samoa), 1980.
Neurriak: 1’91m eta 112kg.
Postua: Hirugarren lerroa.
Orain arteko kluba: Samoako Apia errugbi taldea (gaztetatik bertan).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!