galarreta Oialumeko dantzaleku bihurtu zuten atzo Javier Urrizak eta Endika Barrenetxeak, eta 31-40 irabazi zieten Ezkurra eta Olazarri. Auzotarren eta koadrilaren bultzadarekin, Barrenetxea IVa gazteak 22 urterekin lortu du bere ametsa, binakako txapel haundia irabaztea; eta nola lortu ere, finaleko onenaren saria ere berari eman baitiote.
Partidu guztian aurretik
Uste baino errazago irabazi zuten partidua Urrizak eta Barrenetxeak. «Lehendabiziko 7 tantotan paretsu ibili gara, baina hortik aurrera nahiko azkar lortu dugu 8-10 tantuko aldea, eta koltxoi horri eutsi diogu gero». Hiru urte profesionaletan, eta lehendabiziko txapel haundia etxean du hernaniarrak. «Egia esan, hauxe nuen ametsa eta helburu nagusia, profesionaletan hasi nintzenean». Eta ez nolanahi lortua ere, partiduko onena bera izan baitzen. Sakez lau tanto egin zituen, eta peloteoan erabat dominatu zuen Olazar.
«Urriza, profesional eta lagun bikaina»
Txapelketak gorabehera haundiak izan ditu, eta baita Urrizak eta Barrenetxea IVak ere. Oso ondo hasi, gero erori, eta juxtu-juxtu pasa ziren finalerdietara. Bukaera ikaragarria egin dute bi gazteek, eta faborito atera dira gaurko finalean. Lagunari buruz galdetuta, hauxe dio Barrenetxeak: «Urriza bide-lagun bikaina izan da, oso profesionala delako. Hori batetik, eta bestetik, erlazio oso ona lortu dugu, eta uste dut hori kantxan ere transmititu egiten dela». Atzo Ezkurra eta Olazarri tokatu zitzaien Martindegiko erritmoan dantza egitea. Bete egin zen Galarreta, eta herritar eta auzotarrek bultza egin zieten bi irabazleei. «Eskerrak Martindegi osoari eta koadrila osoari, Galarretan jarritako giroagatik». Orain, lan egitea tokatzen zaiola azaldu zion Barrenetxeak Kronikari. «Txapel hau gozatu lehenengo, baina gero atzelari gisa onenen artean kontsolidatu nahiko nuke».