2013ko udal aurrekontua aurtengoa baino zertxobait altuagoa izango da. 30.099.483 euro izango dira datorren urterako (aurten, 29.494.788 euro izan dira). Horietatik, Hernaniko Udalarentzako 24.693.386 euro izango dira. Ereñotzuko Udalerako, 324.427 euro. Eta Ongintzarako 7.578.868 euro.
Igoera nabarmena inbertsioetarako partidak izan du; datorren urtean 1.644.220 euro izango dira, aurten baino 911.947 euro gehiago. Bereziki, Hirigintza eta Ingurumen arlora bideratuko dira inbertsio horiek. Besteak beste, Portu eta Karabel auzoen arteko hirigintza proiekturako (300.000 euro), kiroldegiko bigarren pistako teilatua egiteko (240.000 euro), Urumea Ikastetxeko eraikina botatzeko (106.000 euro) edota baratza ekologikoak egiteko (80.000).
Aurrekontua 15 egunez egongo da publikoaren esku, udaletxean bertan, begiratu eta erreklamazioak egin ahal izateko.
Gastuei eutsi,
eta zerga eta tasak igo
Luis Intxauspe alkateak Plenoan azaldutakoaren arabera, 2013ko aurrekontuak egiteko kontuan izan dute egungo egoera ekonomikoa. Horregatik, «gastuari eusteko ahalegina egin» izana aipatu zuen. «Gastuetan kontuan hartu ditugu egoera zailean dauden pertsonei laguntzeko programak, eta guretzako garrantzitsuak diren printzipio eta baloreak», azaldu zuen. Horien artean nabarmendu zituen, arlo-sozioekonomikoan herriko azterketa egiteko partida, lan-sustapenerako politika, Hernani jasangarriago baten aldeko apustua, eta auzoak berritzeko egitasmoa.
Diru sarrera altuagoak,
zerga sistema berriari esker
2012 urtean baino 604.696 euro gehiago izango ditu Udalak 2013an, neurri haundi batean, Diputazioak zergak biltzeko modua aldatu duelako («gehien daukatenek gehiago ordainduko dute»).
Hala ere, diru sarrera arruntak jaitsi egin direla azaldu zuen alkateak. Izan ere, ez baitago 2013rako aurreikusita 2012an Oronak Galarretan egindako obrengatik jasotakoaren antzekorik, eta beraz, diru sarrerak txikiagoak dira.
Gastuak jaisteko ahalegina
Hainbat partidetan murriztu egin da gastua. Pertsonalera bideratutako gastuak, 11.950.954 eurotik 7.477.835 eurora jaitsi dira. Ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuak ere jaitsi egin dira, 13.721.215 eurotik 9.929.716 eurora. Finantza gastuak berriz, 59.703 eurotik 57.107 eurora jaitsi dira, eta Kapital transferentziak ere antzeko mantendu dira.
Aldiz, igo egin dira Transferentzia arruntetarako gastuak, 1.575.594 eurotik 3.845.250 eurora. Era berean, bereziki igo da inbertsioetarako partida; 732.273 eurotik 1.644.220 eurora.
Inbertsioen aldeko apustua
Inbertsioetarako 911.947 euro gehiago izango dira 2013 urterako. Zatirik haundiena Hirigintza eta Ingurumen arlora bideratuko da.
Hortik diru gehien Hirigintza eta arkitektura lanetarako izango dira. Horien artean, ondorengoak egingo dira: Portu eta Karabel auzoen arteko hirigintza proiektua (300.000 euro), kiroldegiko bigarren pistako teilatua (240.000 euro), Urumea Ikastetxeko eraikina bota (106.000 euro), baratza ekologikoak (80.000), ur hornidura eta banaketa lanak (103.000 euro), kaleko argikuntza (78.700 euro), Portu eta Elizatxo auzoen arteko lotura hobetu eta trenbide azpiko lurra berritu oinezkoei lehentasuna emateko (6.000 euro), Paradorean aparkalekuak egokitu (20.000 euro), Floridako trenbide azpiko pasoan semaforoa jarri (12.600 euro)...
Atez atekoa auzitan
Beste behin, aurrekontuen inguruko puntu polemikoena zabor bilketa sistemaren ingurukoa izan zen. Oposizioko alderdi guztiek jaso zuten gai honen inguruko erreklamazioa emendakinetan.
EAJk adierazi zuen «Atez Ateko sistemak aurrekontuaren %6,41 hartzen duela, eta 5 eta 6garren kontenedoreak jartzea hobesten» duela.
Hamaikabaten hitzetan «interes partidistak daudela» salatu zuten.
PSE-EEk berriz, «Atez Ateko sistemaren kontra» dagoela azaldu zuen, «guztira duen kostua, 1.863.644 eurokoa delako».
Oposizioa kontra
2013ko aurrekontuak onartu baziren ere, oposizioak osoko emendakinak jarri zituen.
PSE-EEtik Estefania Morcillok aipatu zuen «langabetuen egoera hobetzeko partiden falta sumatzen» zutela batetik, eta bestetik, «aurrekontuaren zatirik haundiena, jaitsi egin bada ere, Atez Ateko bilketa sistemara bideratzen dela».
EAJ-PNVko ordezkari Andoni Amonarraizen hitzetan, «diru-sarrera batzuk ez daude ziurtatuta, transferentzia arrunten gastua %2,4 igo da, eta asesore urbanistikoa ez da beharrezkoa, asesore juridikoa eta arkitektoa plantillan edukita». Bestalde, zabor bilketari dagokionez, defendatu zuen 5garren kontenedorearen sistemaren eraginkortasuna Atez Atekoarenaren antzeko dela, baina merkeagoa.
Azkenik, Hamaikabat alderditik Iñaki Barriok adierazi zuen «aurrekontuetan gastuak kontrolatzeko ahalegina postiboki baloratzen» zutela, baina «interes partidistak medio, partida batzuk ez direla ikutzen».
«Manipulazioa» salatu zuen Gobernu Taldeak
Gobernu Taldeak erantzun zien «datuen manipulazioarekin aspertuta» daudela, eta sistema bakoitzaren gastuen arteko konparazioa adierazten duen taula banatu zuen bertaratutakoen artean (hemen argitaratzen den bera).
Herrira mugimenduaren mozioa, onartua
Plenoaren amaieran beste gai bat ere aztertu zen: Herrira mugimenduak jarritako mozioa, hain zuzen.
Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixo larriak aske uztea, giza eskubideak errespetatzea eta espetxe zigorren luzapenarekin amaitzea eskatu zuten. Horretarako, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestaldiarekin bat egitea eskatu zuen mugimenduak.
Mozioaren alde bozkatu zuen Udal Gobernuak, eta oposizioak berriz, abstentzioaren alde egin zuen.
Udal ordezkariek ere ez dute jasoko Gabonetako paga
Premiazko 2garren Plenoa egin zen segidan, Gabonetako paga ez ordaintzeko Rajoyren dekretuaren inguruan. Dekretu honek funtzionarioei bakarrik kentzen die paga, eta Hernaniko Udal zinegotzi guztiek aho batez erabaki zuten ordezkari politikoak ere berdin tratatzea legearen aurrean. Horrela, ordezkari politikoek ere ez dute jasoko paga.
Hala ere, Udal Gobernu Taldeak adierazi zuen saiatuko direla 2013ko udako paga urtarrilera aurreratzen, eta hil honi dagokion soldata arrunta lehenago ordaintzen.
2013ko udal aurrekontuak
-Datu orokorrak-
l Aurrekontu osoa: ..................................................... 30.099.483
Udala+Ongintza+Ereñotzu: .......24.693.386+7.578.868+324.427
l Pertsonala: ...................................................................7.477.835
l Ondasun arrunt eta zerbitzuak: ...................................9.929.716
l Finantza gastuak: ..............................................................57.107
l Transferentzia arruntak: ...............................................3.845.250
l Kapital transferentziak: ....................................................114.884
l Finantza aktiboak: ......................................................................7
l Finantza pasiboak: .......................................................1.624.367
l Inbertsio errealak: ........................................................1.644.220
-Portu eta Karabel: 300.000 euro
-Kiroldegiko bigarren pistako teilatua: 240.000 euro
-Urumea Ikastetxeko eraikina bota: 106.000 euro
-Baratza ekologikoak: 80.000
-Ur hornidura eta banaketa lanak: 103.000 euro
-Kaleko argikuntza: 78.700 euro
-Portu eta Elizatxo auzoen arteko lotura hobetu eta trenbide azpiko lurra berritu oinezkoei lehentasuna emateko: 6.000 euro
- Paradorean aparkalekuak egokitu: 20.000 euro
-Floridako trenbide azpiko pasoan semaforoa jarri: 2.600euro
Hondakin bilketa sistemen arteko konparazioa
l Gastuak
-Hondakinen bilketa, tratamendu zerbitzua eta beste hainbat gastu:
Atez Ate: 1.304.963 - 4 edukiontzi: 500.000 - 5 edukiontzi: 600.000
-Organikoaren tratamenduaren kostea:
Atez Ate: 106.361 - 4 edukiontzi: 0 - 5 edukiontzi: 66.413
-Errefusaren gastua:
Atez Ate: 171.675 - 4 edukiontzi: 784.829 - 5 edukiontzi: 651.993
-San Markori aportazioa:
Atez Ate: 280.000 - 4 edukiontzi: 280.000 - 5 edukiontzi: 280.000
GUZTIRA:
Atez Ate: 1.863.000 - 4 edukiontzi: 1.564.829 - 5 edukiontzi: 1.598.406
l Sarrerak
-Hondakin bilketa eta tratamendu tasak:
Atez Ate: 846.452 - 4 edukiontzi: 846.452 - 5 edukiontzi: 846.452
-Birziklatzearen ondoriozko sarrerak:
Atez Ate: 275.000 - 4 edukiontzi: 0 - 5 edukiontzi: 0
GUZTIRA
Atez Ate: 1.121.452 - 4 edukiontzi: 86.452 - 5 edukiontzi: 846.452
l Sistemaren defizita:
Atez Ate: -741.548 4 edukiontzi: -718.377 5 edukiontzi: -751.954