«Gaurkoan irabazteko aukera haundia dugu»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 22a, 01:00

Amestutako tokian dago Endika Barrenetxea erremontista herna­niarra. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Binakako Txapelketako finala jokatuko du gaur, Urrizarekin batera, Ezkurra eta Olazarren aurka. Hiru urte dira Barrenetxea IVak profesionaletan debutatu zuela, eta dagoeneko, lortu du buruan zuen erronka haundienetako batera iristea. Finala irabaztea besterik ez du falta.

2009ko abenduaren 19an debutatu zuen profesionaletan Endika Barrenetxea erremontista hernaniarrak. Hiru urteren buruan, amestutako mailarik gorenera iritsi dela aitortzen du, baina oraindik hobetzen jarraitzeko aukera duela azpimarratzen du.

Final haundia izango da gaurkoa. Aukerarik baduzuela uste duzu?
Baietz esango nuke, aukera haundia dugula irabazteko. Izan ere, partidu berdina jokatuta gaude, lehenago ere. Urrizak eta biok Ezkurra eta Olazarren aurka jokatu genuen azkenekoan, beraiei komeni zitzaien frontoi batean aritu ginen, eta bi puntuko aldea besterik ez ziguten atera. 40-38 galdu genuen. Gaurkoan, Galarretan jokatuta, gauza asko aldatu daiteke, eta bi puntuko diferentzia hori gure alde jarri daitekeela uste dut.

Ondo moldatu zara Urrizarekin?
Oso ondo akoplatu gara. Urri­zak, kantxan gaudela, asko hitz egiten du, kontaktu haundia izaten dugu. Etengabe animoak ematen aritzen da, eta ondo edo gaizki egiten ari garena zer den esaten du. Lasaitasun haundi transmititzen dit, eta ikusita, zer nolako kapazitatea eta maila dituen, asko errazten dit dena bere lagun­tzak.

Profesionaletan debutatu duen azkenetariko erremontista zarela kontuan izanda, nabaritzen duzu aldea esperientzia haundiko erremontistekin jokatzean?
Partiduetan nabaritzen da, bai. Beste tentsio batekin ateratzen naiz ni kantxara. Baina tentsio horrek bi aldetara jokatu dezake. Batetik, motibazioa haunditzen lagundu dezake, eta horrek, gauzak hobeto eginarazten dizkit. Bestetik ordea, urduriegi jarri eta akatsak eginarazten dizkit, batzuetan.

Hiru urte profesionaletan, eta etengabe hobetzen. Lehengo urteko erre­montista erregularrena izan zi­nen, eta aurten hainbat txapelketetako finalerdietara ere iritsi zara. Es­pero zenituen horrelako emaitzak, hasi eta horren denbora gutxira?
Zentzu horretan asko daukat eskertzeko, honaino iristen lagundu didaten guztiei. Be­reziki, enpresari. Enpresak asko lagundu dit, aukerak emanez. Nire gaitasunean sinistu du, eta nik espero baino partidu zailagoak joka­tzeko aukera eman dit. Banuela uste nuena baino gaitasun haundiagoa dudala sinisten duen seinale. Eta egia esan, uste dut emaitzek islatu egiten dutela etengabe hobe­tzen ari naizela. Baina oraindik asko dut hobetzeko, eta horretan segiko dut.

Behin honaino iritsita, zein duzu hurrengo erronka?
Ez dakit zer esan. Profe­sionaletan hasi aurretik, beti amestu izan nuen Binakako Txapelketa honetako finala jokatzea. Iristearekin irabazi dut, dagoeneko. Gainera, zer eta, Binakako Txapelketa Ezkurraren aurka jokatu dudala esan ahal izatea gauza haundia da niretzat. Aitarekin eta orain arteko Barrenetxeatar guztiekin jo­katuta da, eta ikono bat da erremontisten artean.

Eta behin finalera iritsita, irabaztea onena! Zein izango da klabea? Aukeratutako materiala, agian?
Ikusiko dugu. Biontzako egokiena den pelota aukeratzen saiatu gara, beti ere, aurkariak kontuan hartuta. Gaztea izanda, mugituagoa, bizkorragoa izan nahiteke. Horregatik, pelota bizia aukeratu dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!