Txistorra eta taloa barra-barra Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 21a, 01:00

Santo Tomas eguna da gaurkoa, eta Hernanin lehengo astean ospatzen hasi bazen ere, gaurkoan nahikoa aukera izango da txistorra eta taloa dastatzeko, herriko hainbat elkartek jarritako postuetan.

Postu dezente jarriko dira gaur herrian, Santo Tomas egunaren bueltan.
Batetik, Herrira mugimenduak Garin tabernan jarriko du postua eta, CD Hernani kirol-taldea Plaza Berrin izango da. Gibelalde, Lizeagako auzo elkarteak ere postua jarriko du, 18:30etatik 21:00e­ta­ra, Larramen­di kaleko 15 zenbakian. Gazte Txokoan arratsaldez ospatuko dute eguna.
Goiz Eguzkin ere izango da txistorra jateko aukera. Era berean, udazkeneko txapelketetako irabazleen berri emango dute.

Ikastetxeetan ere, festa
Herriko ikastetxeek ere ospatuko dute Santo Tomas egu­na. Goizean zehar, txistorra jateko aukera izango da de­netan, eta azoka eta haurrek egindako eskulanekin erakusketak ere jarriko dituzte.

Tabernetan, txistorra
Azken urteetan bezala, herriko tabernek ere bat egiten dute Santo Tomas eguneko festarekin, eta txistorra jateko aukera emango dute.

Portuan, igandean
Portu auzoan, igandean egin­go dute txistorrada, eguer­diko 12:00etatik aurrera, Ibarrolaburu plazan. On­do­ren, auzoko Gabo­ne­tako saskia zozketatuko dute.

Tren zerbitzu bereziak
Hernanin ez ezik, Donostian ere ospatzen da Santo Tomas eguna. Festa haundia izango da egun osoan zehar, eta horregatik, Renfe tren zerbi­tzuak adierazi du indartu egingo duela egun honetako zerbitzua. Bereziki, goizeko 09:00ak eta eguerdiko 12:00ak bitartean jarriko dira tren gehiago.
Bestalde, Gabonetako festak direla eta, tren zerbitzua murriztu egingo da abenduaren 24tik urtarrilaren 6ra. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!