Urtarrilaren 2ra arte 13 artisten obrak ikusteko aukera izango da Andoaingo Bastero kultur etxean jarri den erakusketan. Tartean, Hernaniko Errapia taldeko bost artistenak: Aitor Ruiz de Eguino, Iker Valle, Ion Zabaleta, Pelex eta Peio Goellorenak, hain zuzen. Erakusketa irekita dago astelehenetik larunbatera, arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara, eta larunbat goizetan, 10:30etatik 13:30etara.
Era guztietako obrak
Erakusketaren antolatzailea Txo! artista kolektiboa izan da. Hauen helburua da ideia, artista, disziplina eta pentsaera ezberdinei lekua egitea. Era berean, Lagun askeak izenburua jarri diote erakusketari. Hori horrela, erakusketan ikusi daitezkeen obrak era guztietakoak dira.
Eskulturak, argazkiak eta pintura
Artista hernaniarrek estilo eta material desberdinak erabiltzen dituzte beren obrak egiteko, eta denetik ikusteko aukera dago Basteroko erakusketan. Ruiz de Eguinok aluminiozko eta fundiziozko eskulturak egiten ditu. Goellok, inpresio digitala erabilita bi serie osatu ditu, bat 6 piezakoa, eta bestea 22koa. Istorio txikiak kontatzen ditu irudi serie horien bidez: Harrapaturik eta Amtsetan. Iker Vallek marmol hautsa eta pigmentu naturalak erabili ditu, 2 metroko altuera duten 2 koadro egiteko. Zabaletak berriz, ilustrazioak egiten ditu, eta bere hainbat lan ikusi ahal izango dira. Haurrentzako txokoa ere jarri du, berak ilustratutako hainbat ipuinekin. Azkenik, Pelexek eskulturak eraman ditu erakusketara, egur eta burdin herdoilduarekin eginak.