Atez Atekoaren aurkako emendakinak aurkeztu dituzte EAJk eta H1!ek

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 20a, 01:00

EAJ eta H1! alderdiek osoko emendakinak aurkeztu dituzte, Gobernu Taldeak proposatutako Udal aurrekontuaren aurka. Atez Ateko aurrekontuaren kontra agertu dira bereziki.

Bereziki, Atez Ateko zabor bilketaren aurrekontuaren aurka agertu dira EAJ eta H1! alderdiak, eta horregatik, gaurko Plenoan kontrako botoa emango diote datorren urterako Udal aurrekon­tuari. Horrez gain, EAJ al­derdiak beste proposamen batzuk egin ditu, Gobernu Tal­de­ak aurkeztutako aurre­kon­tuaren hainbat punturen inguruan.

Gardentasun eza
Hamaikabat alderdiak aur­keztu duen emendakinean dio, Udal aurrekontuek «iritzi kontrajarriak sortu arazi» dizkiela, izan ere, «partida batzuetan aurrez­teko ahalegina egin da, eta beste batzuk ukiezinak direla ematen du». Bereziki, Hamaikabatek kritikatu ditu Garbitania en­pre­sak eta Atez Ateko zabor bilketak sortzen dituen gas­tuak eta kasu horietan azalpenik ez ematea. «Garbitania­ren aurrekon­tu­ak Udal au­rrekontuekin ba­te­ra ezagutu behar genituz­keela» dio H1!ek, hala nola, «kontrata­zioen inguruan, en­presaren egoera ekonomi­ko­aren in­guruan...». H1!en ustez, «interes-partidistak daude tartean». Horregatik dio, «Bilduren interesak herna­nia­­rre­­nen gainetik jartzen» direla, eta «Udala sukurtsala besterik ez dela, Garbitani­a­ren inguruan ez baitu ezer erabakitzen». H1! alderdiaren ustez, «ez genuke mailegurik beharko, aurrezteko politika Atez Ateko zabor bilketari aplika­tuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari itzuli beharrekoa ondo negoziatuz gero».

Sistema garestiegia
EAJ alderdiak ere, bereziki Atez Ateko sistemaren aurre­kon­tuaren aurka egin du. Emendakinean adierazita­ko­aren arabera, «5garren eta 6garren kontenedoreak ja­rrita (azken hau konpresa eta zapi higienikoetarako), mili­oi bat euro inguru aurrez­tuko genituzke». Gobernu Taldeak egindako proposa­me­nean berriz, «Garbitania era­kunde publiko­ra 1.533.000 euro eta Atez Ateko­ra 50.000 euro bideratzen dira».

Dirulaguntzak igo, eta Gobernu Taldearen asesoreak kendu
Udal aurrekontuen proposa­meren aurka EAJk aurkez­tutako emendakinean propo­sa­men gehiago ere egiten ditu alderdiak. Batetik, salatzen du «diru-sarrerak puztuta daudela: Young Play urbanistikoki aprobetxatzeko aukera ez dago ziurtatuta, teknikoen esanetan, eta Foru Fondoak egingo duen aportazioa %7,7an igotzea gehiegizkoa dela dio udal ikuskatzaileak». Bestetik, EAJk dio «bizi­lagun elkarteei, kirol tal­deei edo­ 3garren mundura bide­ratutako dirulaguntzak erdira jaitsi beharrean, beste partida bat erabili daitekeela horre­tarako; kultur jarduerak anto­latzeko kolektibo jakin batzue­tarako laguntza, hain zuzen». Era berean, eskatzen du «kiroletako lan­gileei dekre­tazo bidez atzera­tutako pagak ordaintzea». Aurrezteko egiten duen proposamena da: «Gobernu Taldearen asesore eta nahi­erara kontratatutako langi­le­­en­tzako partidak kentzea, eta funtzionarioekin baka­rrik lan egitea». Azkenik, eskatzen du «proposamen be­rriak egin beharrean, dauden proiek­tuak aurrera erama­tea. Adi­bidez, Pla­za eta Tiloseta be­rri­tzea, pistina irekietako ta­bernari errentagarritasuna atera­tzea edo Kaxkoko ko­mertzioak bultzatzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!