Mendian eta naturarekin nahastuta egiten diren abentura kirolak maite dituzte Rafa Romerok eta Iñaki Eizmendik. Hori horrela, kirol mota hauek ezagutzera emateko, eta batak bestearengandik ikasi ahal izateko, Hernanin talde bat sortzea dute helburu. Kide kafetegia bihurtuko da elkartzeko gunea, eta bihar arratsaldeko 19:30etan bertara azaltzeko deia luzatu diete, abentura kirolak maite dituztenei edota kirol mota hauek ezagutzeko gogoa dutenei.
Erreferentzia gunea
Romerok eta Eizmendik azaldutakoaren arabera, asmoa ez da klub bat sortzea.
«Ideia da kirol mota hauek ezagutzera ematea, lagun-talde bat sortzea, batak besteari erakutsi ahal izatea, eta elkarrekin irteerak egin ahal izatea. Mendiko abentura kirol hauek gustoko ditugunontzat erreferentzia gunea sortu nahi dugu, nora jo jakiteko. Ondoren, denon artean emango diogu forma taldeari».
Konpetizioa, edonoren mailan
Hernanin badira mendiko irteerak egin edota taldekako kirolak praktikatzeko aukera ematen duten taldeak. Baina Kide kafetegian sortu nahi den taldearen ezaugarri klabea da, konpetizioetan parte hartzeko aukera emango dela.
«Konpetizioetan parte hartzeko aukera eman nahi dugu, eta taldea erreferentzia gune bihurtu dadila, konpetizioen berri jakiteko. Baina garrantzitsuena ondo pasatzea da, edonoren mailako konpetizioak egin daitezke».
Ride-a eta mendi lasterketak
Romero eta Eizmendi, Ride modalitateko kiroletan eta mendi lasterketetan ibiltzen dira bereziki. Oraingoz, kirol hauen berri emateko asmoa dute, eta jendeak proposatzen duen edozertara irekita daude. Hasteko, abenduaren 29an Aiako Harrietan egingo den mendi-orientazio probetan parte hartzeko oinarriak irakatsiko dituzte. «Altxorraren bila jolasean aritzea bezala da, maila haundiagoan».