Gabonetako egitarauan bete-betean sartuta gaude dagoeneko. Astelehenean herriko hainbat abesbatza entzuteko aukera izan zen. Gaur berriz, ‘Hernani’ Musika Eskolako teklatu taldeak Gabonetako kontzertua emango du, arratsaldeko 18:30etan hasita, Milagrosan.
4 eskutara eta taldeka
Gaurko kontzertuan entzun ahal izango diren piezak 4 eskutara edota taldeka joko dituzte Musika Eskolako ikasleek. Guztira, 5 bikote eta 3 talde ariko dira pianoa jotzen.
Bikote bakoitzak abesti bana interpretatuko du, lau eskutara, eta taldeek berriz, hiru-launa kanta joko dituzte, txandaka.
Datozen egunetan,
emanaldi gehiago
Gaur bertan, Ereñotzun beste kontzertu bat izango da, 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunetan ere, beste hainbat emanaldiz gozatzeko aukera izango da.