Azken urteetan baino saio gehiago izango dira aurten, Bertsolatan. Asteazkenean izango da lehenengo emanaldia; umeentzako saioa emango dute, Beñat Gaztelumendi eta Ane Labaka bertsolariek. Datozen egunetan ekitaldi gehiago izango dira; bereziak eta berriak batzuk, urterokoak, beste batzuk.
Gutizia saioa, BCCen
Ekitaldi bereziak izango dira aurtengo Bertsolatan. Horietako bat ostegun honetan egingo da.
Punta-puntako bertsolariek saio berezi eta dinamiko bat eskainiko dute, Basque Culinary Centerren. Jon Maia, Maialen Lujanbio, Agin Rezola eta Andoni Egaña arituko dira bertsotan. Jarraian, luntx-afaria izango da, bertaratutakoentzat. Denetik pikatzeko aukera izango da, eta gutiziarik ez da faltako, belarri eta sabelentzat.
Bertso musikatuen
lehenengo saioa
Beste berrikuntza bat ere bada aurten: bertso musikatuen emanaldia, hain zuzen. Imanol Kamio, Aitor Atxega eta Eñaut Agirreren eskutik, hainbat bertso sorta zahar eta berri entzuteko aukera izango da, okasiorako moldatu eta musikatuta, hilaren 29an.
Bertso musikatuen emanaldietan lehenengo saioa izango da hau.
Urteroko emanaldi maitatuak
Berrikuntzak badiren arren, urteroko emanaldi maitatuenentzako ere tokia izango da aurtengo Bertsolatako egitarauaren barruan.
Hasteko, hilaren 24ean, urteroko erronda egingo da, Olentzeroa hartuta. Plazatik abiatuta, Zikuñaga eta Osiñaga auzoetan barrena ibiliko dira kantuan, berriro ere, herriko plazan bukatzeko.
Bestalde, hilaren 28an, Elkarteetako Txapelketa izango da. Hernaniko 10 soziedadek bertsolari bana aukeratuko dute, afari giroan hauen arteko txapelketa antolatzeko. Iazkoan, Beñat Gaztelumendik irabazi zuen, Karobi elkartearen izenean.
Hilaren 31n berriz, urte zaharreko erronda egingo da, Hernaniko kaleetan barrena.
Azkenik, urtarrilaren 4an urteroko jaialdia egingo da. Gaueko 22:00etan Biterin saio bikaina eskaintzeko prest igoko dira oholtzara, Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Odei Barroso, Iñaki Zelaia, Iker Zubeldia eta Eli Pagola. Amaia Otxotorena izango da gaijartzailea.