Danbatekoak egunero entzuten dira Hernanin; batez ere Akarregi aldean. Abiadura Haundiko Trenaren obrak aurrera dijoaz, eta Osiñaga, Ibarluze eta Akarregi aldean badakite ondo hori. Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak diptiko bat banatu zuen Hernaniko etxeetan, AHTaren informazioarekin. Gaia beraz, pil-pilean dago.
Akarregiko tunelean,
ekainera arte leherketak
Ekainera arte iraun dezakete leherketek, Akarregi eta Ibarluze arteko tunelean. «Egunean bi metro» aurreratzen dituztela adierazi diote bizilagunek Kronikari «hori diote langileek, eta hori hala bada, ekainera arte edo iraungo dute lanek». Erratzu eta Aixtei (Ariztegi) baserriko bizilagunekin hitz egin du Kronikak. Diotenez, beraiei bai, abisatzen diete leherketa aurretik (Akarregiko beste bizilagunei ez zaie abisurik pasatzen). «Telefonoz deitzen dute, eta hartzen ez badugu, etorri egiten dira bertara», dio Erratzuko semeak. «Urriaren 22an hasi ziren leherketak, eta etenik gabe egiten dituzte. Etxeak dardar egiten digu».
Hain juxtu, tunela egiten ari dira Erratzu eta Aixteiko terrenoetatik abiatuta (ikusi irudia). Terreno horretan aho haundi bat ireki dute, eta hortik ari dira tunela egiten, alde batera eta bestera. Bi ixkinetara iristean (Akarregira eta Ibarluzera), aho hau tapatu eta lehen bezala utziko omen diete. Erratzuko semeak dioenez, «oraindik lan asko geratzen da egiteko. Aho hortatik Akarregi aldera 200 metro inguru zulatu behar dituzte, eta 100 metro daude eginak. Ibarluze aldera berriz, 540 metro inguru zulatu behar dira, eta 150 metro daude eginak».
«Karga lehertu, eta trumoia bezala luzatzen da»
Danbatekoa tokatu baino lehenago, sirena batek jotzen omen du, «hiru aldiz jotzen du, xuabe xamar, eta ez da beti aditzen. Handik segituan lehertzen da karga, eta trumoia bezala luzatzen. Usaia ere nabarmena, polbora usaiaren tankerakoa».
1.095 metroko biaduktoa, Gipuzkoako haundiena
Eusko Jaurlaritzak etxez etxe bidali duen informazioan dioenez, Hernanin 3.210 metro egingo ditu AHTak, eta horietatik 1.033 metro tunelean. Aire zabalean 531 metro, eta biaduktoan 1.646 metro. Hor dago gainera, 1.095 metroko biaduktoa, Gipuzkoako luzeena (Akarregiko tuneletik Astigarragara bitarte). Eusko Jaurlaritzak dioenez, AHTaren estrukturak 14 metroko zabalera dauka. Hainbat aldiz gurutzatuko du Urumea, eta tramo batzutan 33 metroko bao tipoak ditu, 67koak ere bai eta 120koak ere bai. Tiranteak ere izango ditu, zonalderik konplikatuenetan.
Eusko Jaurlaritzak dio, proiektua erabat estrategikoa dela Euskadirentzat, euskal ekonomia bultzatuko duelako, besteak beste: «5.900 miloi euroko inbertsioa eskatu du, eta erdia langileen soldatetan gastatu da. Eraikitzen ari den bitartean, 7.000 lanpostu sortzen ditu urtean».
Denborak: Donostiatik Bilbora, 38 min; Gasteizera, 34 min; Madrilera 2 h 45 min; Burdeosera, 1 h 30 minutu; eta Parisera, 3 h 40 minutu.