«Orain arte bagenekien Hernaniko `hiri-gutuna´ 1332 urtean galdu zela, Gipuzkoako Justizia Nagusiak herria setiatu eta kixkaldu zuenean. Ahaide Nagusien arteko guduak zeuden garai hartan eta Oinaztarrak Hernanin gordeta zeuden. Orain, ordea, beste interpretazio bat egin dezakegu, hainbat datu eta erreferentzia aztertu ondoren: Ahaide Nagusien arteko liskarrek, agian, zerikusia izango zuten herriaren suntsiketa eta erreketa horretan, baina `ekintza´ burutu zuena, Iruñeako edo Mendietako Merinoa izan zen. Hori, `gaizkileen mugaren´ testuinguruan kokatu behar da», azaldu dio Kronikari Txuso Gomez Udal Artxibategiko arduradunak. Gomezek, hitzaldia emango du bihar, Eta 1332an Hernani erre zuten izenburupean eta garai hartako eta aurreko urteetako hainbat datu emango ditu. Hernaniko historiari buruzko lehenengo erreferentziak azalduko ditu, Nafar Erresumarekin zerikusia dutenak. Honako gertakariak landuko ditu: Orreagako bataila (778) eta hernaniarren parte hartzea; 1200 urteko gaurko Gipuzkoa edo Navarra maritimaren konkista; konkistaren ondorioetako bat: egungo Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga, `gaizkileen muga´; Beotibarko guda eta hernaniarren parte hartzea; 1332ko suntsiketa.... Hitzaldia 19:30etan izango da Biterin.
‘Orreaga 778-824’, ikusgai
Biharko hitzaldia Hernani Errotzen taldeak antolatu du eta asteazkenean Orreaga 778-824 dokumentala emango dute, 19:30etan Biterin.