Freeridea praktikatzen duzu. Zein da helburua?
Freeridea mendi eskiaren kidea dela esan genezake, eta helburu nagusia jaitsiera da. Mendi tontor bat aukeratu, bertara igo eta hori jaistea da, norberaren abilezia eta ezagutzak oinarri, jaitsierarik interesgarriena eginez. Eskiatzaile zein Snowboarderrek praktikatzen dute, beti elur hautsaren peskizan.
Beste modalitate batzuk ere praktikatzen dituzu, ezta?
Bai noski, eta horien artean Freeridearen anaia den mendi eskia, adibidez. Eskiak oinarri izanda, ingurune naturalean mugitzea da, hau da, pistetatik kanpo, mendi, baso, aranetan barrena. Igoerak, jaitsierak eta trabesiak egiten dira. Egun batekoak zein gehiagokoak izan daitezke. Elur mota asko daude eta eskiatzera ohituta egon behar da. Horrez gain, ezinbestekoa da mendiaren eta elurraren egoera ondo ezagutzea eta orientazio ona izatea.
Bestetik, Freestylea ere praktikatu izan dut. Elurra oinarri izanda, figura artistikoak egitea da modalitate honen funtsa. Aireko akrobaziak, U formako pistan, jauziak, barandilan irristatzea etabar… Askotan hiri edo eraikinei lotuta praktikatzen da. Snowboard zein eskiekin egin daiteke. Skate edo rollerrekin antzekotasun haundia du.
Pistan ibiltzeak, berriz, ez nau batere betetzen. Garestia izateaz gain, oso masifikatua dago, arriskutsua bihurtu da eta naturarekin oso inbasiboa da. Elur ona dagoen egunetan ederra da nekerik gabe mendi tontorretik behin eta berriz jaistea, baina besterik ez.
Txapelketetan ere parte hartu izan duzu.
Eski modalitate guztietan aritzen naiz eta lehiakortasuna askorik gustatzen ez bazait ere, beti sortzen da giro ona txapelketen inguruan. Gure inguruan aipagarrienak dira: Mendiko eskian, Open Altitoy, Andres de Regil eta Antxon Bandres Memorialak; Freeridean berriz, Pirineoetako Liga dago eta El Dorado Freeride Txapelketa ere bai Mundu mailako Ligaren barruan.
Eskiatzea garestia da. Nola finantziatzen zara munduan zeharreko bidaiak egiteko?
Eskiatzea garestia da bai, baina baita ederra ere. Eta gaur egun, mendiko eskiaz baliatuz, modu ekonomikoagoan egin daiteke. Izan ere, materiala izanez gero, mendian ibiltzea doakoa da. Zure esku dago botak jantzi eta elurra bilatzea. Eta Euskal Herrian zortekoak gara, neguan beti baitago aukera eskiatzeko, urrutira joan beharrik gabe.
Zein desberdintasun dago mendiko eskiko materialaren eta eski arruntekoaren artean?
Eskiak antzekoak dira, baina mendiko eskiaren kasuan, fijazioek mugikorrak izan behar dute, batez ere mendian gora igotzeko orduan, eta foka larruak behar dira eskiak atzerantz irristatu ez daitezen. Bestela ez dago alde haundirik. Beste aukera, eskiak motxilan igotzea da…
Zeintzuk dira arrisku haundienak mendiko eskia egiterako orduan? Mendian egiten diren jarduera guztietan bezala, oso garrantzitsua da tentuz jokatzea. Eguraldia, izotza, elurjausiak… Ezagutza, pixkanaka ibiliaz lortzen da, horregatik da garrantzizkoa bakoitzak bere gaitasunen barruan jardutea eta beti da gomendagarria, informatzea eta formazioa jasotzea Herriko Mendi Taldean, Gipuzkoako Mendi Federazioan zein Euskal Herrikoan.
Esan duzun bezala, ezagutza garrantzitsua da. Noiztik eskiatzen duzu zuk?
Txikitan oso mugitua nintzen, eta hasieratik izan da nere bizi poza kirola eta natura uztartzea. Familiarekin urtean pare bat eski irteera egiteak, segituan piztu zidan elurrarekiko zaletasuna. Ikasketak egiten nenbilela, Ikastolen Elkarteko Eskia danontzat programan monitore lanak egitera pasa nintzen eta bertan lortu dut, dudarik gabe, eskiatzeko dudan gaitasuna.
Beste kirolik egiten al duzu?
Eskiatzeaz gain, beste kirol batzuk ere gustoko ditut, eta elurrarekin kontaktuan ez nagoenean praktikatzen ditut. Horien artean gehien erakartzen nauena surfa da. Orokorrean, esan bezala, kirola eta natura uztartzen dituen kirolak gustatzen zaizkit, baina chi chiquna ere egiten dut nere denbora librean, hau da, txinatar medikuntza tradizonaleko teknikak lantzen ditut.
Orain elur garaia da,
irrikitan egongo zara
mendi tontor zurituak
konkistatzeko.
Gabonetarako hasten gara bikotea eta biok, eskiak zorroztu eta argizaria ematen. Mendiko eskiko txapelketak direla, bidaiaren bat edo beste dela... Eskia, modu jasangarri batean bideratzen saiatzen gara, egun hainbeste entzuten dena. Ahalik eta gehien, baina ahalik eta gertuen eskiatzen saiatzen gara, inguruko tontorrak noiz zurituko diren irrikitan.