Udal Kirol Batzordeak, Kirol Sariak banatu zituen atzo eta sarituak honakoak izan ziren: Ricardo Ramos CD Hernaniko lehendakaria, Errugbi taldea eta Hernaniko kross herrikoien antolatzaileak.
Ramosek Hernani Saria jaso zuen CD Hernanin egindako ibilbideagatik eta lanagatik. Saria jasotzeak sekulako ilusioa egin diola azaldu zion Kronikari: «Ni bezala, beste askok ere, ez dugu horrelako sari bat jasotzeagatik egiten lan, baina poz haundia ematen du egindako lana errekonozitzeak. Gaur, saria jaso dudanean, jende asko izan dut buruan, baina batez ere, nere familia. Klubean daramazkiten urte askotan aguantatu bainaute». Errugbi taldeak Kirol Saria jaso zuen, 2012an egindako lorpenengatik; izan ere, Ohorezko mailara igotzea lortu zuten. Eta kross antolatzaileek Babes Saria jaso zuten atletismoan egindako lanagatik.
Denera, 6 hautagai proposatu zituen Udal Kirol Batzordeak (Hernaniko 22 kirol talde) eta bozketa bidez hiru aukeratu behar izan dituzte. Gainerako hautagaiak: Batis Larburu arraunlari ohia eta elkarteko lehendakaria (Hernani Saria), Ane Lopez de Arregi atleta (Kirol Saria) eta Aitor Gorrotxategi pelotaria (Kirol Saria). Sari horiek lehenengo aldiz atzo banatu ziren, baina hemendik aurrera urtero banatzeko asmoa dago, Kirol Batzordeak aho batez erabaki zuen hori.
Berdintasunaren alde lanean
Udalak, kirolean ere genero berdintasunaren alde egingo du lan eta atzo Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako Kirol Teknikariak eta berdintasun agenteak hitzaldi bat eman zuen gaiaren inguruan.