Partidu ederra ikusteko aukera izango da gaur Landaren. Aurreko denboraldiko txapelduna izango du aurrez aurre Hernanik: Valladolideko VRAC taldea, Quesos izenez ezagunago dena. Valladolideko taldea aurten ere ez dabil batere gaizki. Partidu bakarra galdu du eta bigarren postuan dago. Harrobi paregabea izateaz gain, maila haundiko atzerritarrak ere baditu: Lisandro Arbizu, Glen Rolls, Adam Newton, Gareth Grifiths, Nacho Gutierrez Müller...
Hernani animoz gainezka dago. Trikoloreek badakite partidu zaila izango dela gaurkoa, baina aurreko asteburuan La Vilari irabazi ostean, indarrez aterako dira zelaira. Zaletuen babesa ere izango dute, gainera. Partidua, arratsaldeko 16:00etan hasiko da.
Errugbia probatu nahi duten neskentzat, entrenamendu irekia arratsaldean
Errugbi taldea, nesken talderako kide berrien bila dabil eta asmo horrekin, entrenamendu irekia antolatu dute gaur, 18:00etan Landaren. Errugbia probatu eta ondo pasa nahi duten neska guztiei egiten diete dei azaltzeko. Entrenamendu horretan, errugbirako zaletasuna pizteko jokuak egingo dituzte eta parte hartzeko ez da prestakuntzarik edo ezagupenik behar.
Hirugarren denbora ere bai
Entrenamenduaren ostean, errugbian hain garrantzitsua den hirugarren denbora ere izango da.