«Nola da posible lehiaketa berdinera joanda, emakumeek lo, hotel okerragoan egitea?»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 14a, 01:00

Dorleta Ugalde Eusko Jaurlaritzako Kirol Tek­nikariak hitzaldi labur bat emango du gaur kiroleko genero berdintasunari buruz: ‘Emakumea eta kirola: parekidetasuna susta­tzeko ekimenak’. Hori, 19:00etan izango da San­diusterrin, ondo­ren, Udal Kirol Batzor­deak jaki­na­raziko du, hiru kiro­lari edo kirol talde sa­ri­tuak zeintzuk diren.

Kirolean landu beharreko genero berdintasunari buruz hitz egingo duzu gaur.
Benetako datuak edo adibideak emango ditut; eta ez aspaldikoak, gaur egungoak baizik, 2012koak. Kirolean, egoera ezberdina da gizona edo emakumea izan; baldintzak ez dira berdinak eta berdintasuna lortu behar da, soldatetan, sarietan, ordutegietan, instalazioen erabileran… Haus­nar­keta garaia da. Jende askok pentsatzen du gizartea gara­tzen doala, gauzak bere bidean doazela eta zentzu honetan ez dagoela ezer egin beharrik; baina asko dago egiteko oraindik. Kirol arloan parte hartzen dugun guztiok dugu zeregina: gurasoek, kirol elkarteek, federazioek, instituzioek…


Zer egin dezakete kirol elkarteek?
Lau arlotan hartu behar dira neurriak, batez ere: 1.- Barne antolaketa: Zer­gatik elkarteko lan txarrenak emakumeek egin behar izaten dituzte? Paperak egitea, esaterako. Horrez gain, elkarteek gardenak izan behar dute. Non hartzen diren erabakiak argi utzi behar da. Lana ondo banatu behar da eta irizpideak ere jarri egin behar dira. Esaterako, ondo zehaztu behar da zeren arabera banatuko den dirua. 2.- Baliabideen erabilera: Baliabide ekonomikoak ratio-en arabera banatu behar dira. Lehiaketa berdinera eraman eta nola da posible emakumeek lo, hotel okerragoan egitea? Instalazioen erabileran ere lan haundia dago egiteko. Ordu­te­gi onenak ere gizonezkoen­tzat izaten dira. Entrena­tzai­leei dagokienean, kontuan izan behar da, maila berean ari badira gizonezkoak eta emakumezkoak, entrenatzaileek berdina kobratu behar dutela. Eta arbitroen kasuan ere bai, eta askotan ez da gertatzen. 3.- Komunikazioa: Kontu­an izan behar da, irudien erabilera, hizkuntzaren erabilera… Emakumezkoei merituak kentzen dizkiete askotan pren­tsan. Prentsaz aparte, orokorrean komunikazioan garran­tzitsua da euskarri guztiak zain­tzea eta interneten, go­men­datzen dugu emakumeen albisteak lehenago jartzea; gi­zonezkoena bilatuko dute, beherago baldin badago ere. Eta argazkiak jartzea ere go­men­datzen dugu. 4.- Elkartearen eskaintza: Kirol modalitateak egokitu behar badira, egokitu; kategoriak berriro antolatzea komeni bada, berriro antolatu... Eta ez du denak lehiakortasunarekin lotura izan behar, beste modu batera pentsatu behar dugu, jendeak kirola egin behar du gozatzeko: emakumezkoak eta gizonezkoak nahastu, adin ezberdinetako jendea nahastu… Zerbitzu osagarriak es­kain­­tzea ere gomendagarria da.

Eskola garaian edo gazte garaian neska askok egiten dute kirola. Gero utzi egiten dute, etorkizunik ez dutelako ikusten.
Eusko Jaurlaritzan, Euskadi Ki­­rola Fundazioa daukagu martxan. Bertan goi mailako kirolariekin egiten dugu lan eta askorekin hitz egin dugu horri buruz. Azaltzen dute txikitatik argi zeukatela ezingo zutela bertatik bizi. Batzuk jarraitu dute, baina beti kezkatuta etorkizunarekin. Emaku­me guztiek dituzte goi mailako ikasketak, gizonezkoen er­di­ak, be­rriz, ez. Ez dute kezka hori izaten. Baina hori ari gara alda­tzen Fundazioaren barru­an dauden kirolariekin, behintzat.


Hernaniko egoeraren inguruan zer esango zenuke?
Egoera zehazki ez dut ezagu­tzen, baina orokorrean, beti hobetzeko gauza asko egon arren, ez gaudela batere gaizki esango nuke, Estatu mailako egoerarekin konparatuta. Tal­de feministek egindako lanak ere asko lagundu du.


Kirolean benetako berdintasuna iritsiko dela uste duzu?
Argi eta garbi daukat ez dela iritsiko, baina asko hobetuko da egoera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!