Gobernu Taldeak aurrekontu proposamena aurkeztu zien herritarrei

Kronika - Erredakzioa 2012ko abenduaren 12a

Datorren urteko proiektuen berri ere eman zuten. Horien artean, arlo sozioekonomikoak izango du lehentasuna, «egoera zailenean daudenei zerbitzu eta laguntza eraginkorrena emateko».

Datorren urteko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen Go­bernu Taldeak astelehenean, herritarren aurrean. Hala azaldu zuen Luis In­txaus­pe alkateak: «Egoera zai­la eta ezegonkorra izango da 2013an eta datozen urteetan. Honen aurrean zorrotz ari­tzea dagokigu, razionaltasunez jo­ka­tzea. Gastuetan arreta berezia jarri dugu, beharrezkoak ez direnak baztertuz. Diru sarreretan, zergak eta tasak ezartzerakoan, bi prin­tzipio izan ditugu oinarri: ekitatea eta progresibitatea». Datu ekonomiko orokorrak aurkezteaz gain, datorren urtean Udalak egin nahi dituen proiektuen berri ere eman zuten. Arlo sozioekonomikoak izango du lehentasuna, «egoera zailenean bizi direnei ahalik eta zerbitzu eta laguntza eraginkorrena eskaintzeko». Emandako datuen arabera, 2012an baino 602.028 euro gehiago izango du Udalak 2013an. Hain zuzen, 30.097.416 euro. Zerga eta tasetatik izango da diru sarreren igoera eta ondare sarreretatik ere bai.

Zergetan eta tasetan, igoera
Zergetatik diru gehiago jaso­tzea aurreikusten du Gobernu Taldeak. Orokorrean, %2,4ko igoera izango dute zergek, baina zenbait zergetan igoera haundiagoa izango da Dipu­tazioaren Foru Arau aldaketak tarteko. Izan ere, Diputazioak zergak biltzeko modua aldatu du (gehien daukatenek gehiago ordainduko dute), eta esaterako, hutsik dauden etxebizitzei %50eko igoera aplikatuko zaie. Tasak ere orokorrean %2,4 igo­ko ditu Udalak datorren urtean, baina beste faktore batzuk ere eragingo dute diru sarrera igotzea. «Urari dagokionean, errolda haunditu egin da, hau da, etxebizitza gehiago daude, beraz diru gehiago bilduko da. Horrez gain, kontadore indibiduala dutenek eta komunitarioa du­tenek berdina ordainduko du­te», azaldu zuen Mi­ne­rrek. Hondakinen kasuan ere, errol­da haunditzeak diru sa­rrera haunditzea eragingo du.

Hernani txartela sortu
Gobernu Taldeak bere proiektuen artean, arlo sozioekonomikoan helburu du, enplegua bultzatzea, turismoa indar­tzea, Fiare banka etikoaren kide izatea, herriko merkataritza indar­tzea... Azken horri dagokionez, Berriak elkartearekin Hernani txartela sortzeko asmoa du. Dendetan era­bil­tzeaz gain, Kiroldegira sar­­tzeko ere balioko du. Kirol­degiko sarrera hobetuko da bide batez. Ongintzari dagokionez, zer­bitzuak mantendu eta ho­betzeko asmoa dute. Eta Poli­tika Sozialean, berdintasuna landuko dute, arlo guztietan; besteak beste, kirolean.

Urumeako eraikina bota
Ingurumena eta herri garapenaren alde, hainbat egitasmo proposatu dituzte: ga­rraio pu­blikoa bultzatzea, bi­de­gorrien sarea lotzea, oinez­koei lehentasuna ematea (Portu-Karabel bi­dea egin, Etxebe­rriko eta Por­tuko tunelak egokitu...), ur kon­tsumoa jaistea, baratzeen parke publikoa egitea, auzokonposta zabaltzea... Horrez gain, Uru­mea ikastola, El­ka­­no kaleko eraikina, botatzea aurreikusten da eta trafikoa hobetu eta aparkalekuak egitea. Hernani partaidetzaren barruan, auzotarrekin bil­tzen eta lanean jarraitzeko asmoa du Gobernu Taldeak. Baita, Hezkuntza, Gazteria, Euskera eta Kultura bultza­tzen jarraitzekoa ere. Kirol arloan, aurrez aipatutako egitasmoez gain, Kiroldegiko bigarren pistako estalkia berrituko dute.

Emendakinak egiteko epea
Aurrekontu proposamenari emendakinak aurkezteko epea zabalik dago oraindik. Horrez gain, Batzordetik pasa ostean, Plenoak eman beharko dio onarpena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!