Barrura begiratzeko leihoak film dokumentala emango dute ostegun eta ostiralean, Biteriko areto nagusian, Natzak antolatuta. Barrura begiratzeko leihoak bost euskal presori buruzko film dokumentala da, bost zuzendarik zuzendua. Zuzendarietako bat Enara Goikoetxea hernaniarra da eta ostegunean Biterin izango da. Filmaren aurretik azalpen batzuk emango ditu eta ondorengo galderei ere erantzungo die. Arratsaldeko 19:30etan izango da hori. Ostiralean, berriz, arratsaldeko 20:30etan emango dute, enkarteladaren ondoren.
Alde pertsonala, oinarri
Goikoetxeak Kronikari azaldu bezala, zuzendari bakoitzak preso baten istorioa kontatzen du, alde pertsonalean eta humanoan zentratuta. Bertan azaltzen dira: atxilotua izateko falta dituen egunak zenbatzen dituen neska gaztea; 17 urteren buruan, Euskal Herrira itzultzen den gizona; Preso den alabarekin izandako telefono elkarrizketa guztiak kasetetan grabatzen dituen ama; Intelektual bat, zeldaren bakardadean bere burua topatu nahian; eta 20 urte beranduago, gaztetako lagun zaharrarekin harremana berreskuratzen duen ETAko buru ohia.