Etxetik kanpora irabazteak beti balio izaten du gehiago, baina etxetik kanporako azken bi partiduak galduta dagoen ekipo bati aste guztirako poza ematen dio. Hernanik hiru puntu oso on ekarri zituen atzo Zarauztik, 0-1 irabazita. Ez zegoen zelaia erraz jokatzeko. Euri asko eginda, hankek gero eta pisu haundiagoa sentitzen zuten. Hernanik ondo jokatu zuen: presioa ondo egin eta baloia ahal zen bezain ondo mugitu. Iniziatiba guztia hernaniarrek izan zuten, partidu guztian, azken minutuetan izan ezik. Momenturik ederrenean iritsi zen Hernaniren gola. Bigarren zatia hasi eta erdi parera iritsi baino lehen, kazkabarra baino hotzagoko jokaldia. Falta zelai-ertzean. Zentroa denen buru gainetik justu-justu pasa, eta bigarren postean Javi Gutierrezek errematatu... Sareetara! Hortik aurrerako minutuetan aukeraren bat izan zuten zarauztarrek, falta bidez, batez ere. Baina golik ez zuten sartu.
Tolosa, datorren astean
Arnasa hartuta, lehenengo postuan firme, Hernanik ez du aitzakiarik datorren asteko Tolosaren kontrako partidua prestatzeko.