Pintura eta marrazki erakusketa, Luix Errazkinen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 9a, 01:00

Bihartik aurrera izango dira ikusgai Biterin, marrazkilari hernaniarraren lanak. Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara.

Ane Lujanbio

Luix Errazkin marrazkilari her­­naniarrak erakusketa jarriko du Biterin, bihartik abenduaren 21era arte. Bertan, ikusgai egon­go dira, batez ere, lumaz egindako irudiak, pastelez mar­go­tutakoak eta oleozko paisaiak.

‘Grattage’ teknikan, hamaika lan
Ikusgai izango diren lanen artean, Errazkinek teknika desberdinez landutakoak aukeratu ditu. Grattage teknika erabiliz sortutakoak, hau da, irudiak negatiboan/txurian daude fondo beltzaren gainean, grabatu moduan. Sail honetan, Gurutzeaga, Txalaparta edota Harresiko arkupea izeneko lanak aurkituko ditugu, horrela hamaika lan osatu arte.

Leku ezagunak luma eta margo pastelak erabiliz
Lumaz marraztutako lanen arte­an, berriz, toki ezagun hauek ikusi ahal izango dira: Andoaingo Sorgin zubia, Do­nos­tiako Konstituzio pla­za, Sa­gas­­tietako trikuharria, Madina etxea, Leoka, Sala­man­cako La Alberca, Yande­ne, Zerain… Donibaneko kaia, Ago­rre­giko erreka, Orioko txalupak, Elorrabiko zubia (azkeneko uholdeetan desegina), Munda­ka, Etxola berri herriko baserririk urrunena. Mar­go pastelak erabiliaz egindako leku hauek ere ikusgai izango dira bertan. Oleoz margotutako paisaiak ere izango dira, aurten eginak direnak. Horien artean bada bat nahiko haundia, Buruntza izenekoa, neurriz 120x160 cm-koa, beste bi, Mollarri eta Zaintzen 100x100 cm-koak eta horiez gain Hernaniko kale nagusia, Txintxorroak, Artesaua...

Denera, 86 lan ikusgai
Egun hauetan Biteri kultur etxera gerturatzen denak, guztira 86 lan ikusteko aukera izango du, lehen esan bezala, era askotakoak: txuri beltzean, kolorezkoak, grabatuak... Or­du­tegia, 18:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera.

... ikusi eta marraztu
Erakusketan diren ma­­­rrazkien artean, he­rriko baserri ba­tzuk daude, gehienak nahiko ezberdinak. Horien artean: jauregi/dorretxe an­tzekoak, bere lehio eta ate arkudunekin, jatorrizko txabola zaharretatik gertu xamar daudenak, fatxadaren zabalera osoa hartzen duten egurrezko balkoi landuak, zutarri baten gainean eraikiak... Ba­se­rrien kokalekua ere asko aldatzen da marrazki batetik bestera: mendi magalean, erriberan, kaxkoetan... alegia, nonahi diren baserriak marraztu ditu Errazkinek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!