mikel Aranburu Realeko jokalari ohiari omenaldia egingo diote Hernanin, Atsegindegin, abenduaren 15ean, 19:30etan. Mujika Taldeak eta Anboto tabernak antolatu dute omenaldia, eta festa haundi bat ere egingo dute, ondoren. Ez edozein kontzertu, gainera. M.C.D talde bilbotarra, bere garaian Euskal Herriko ia tabladu guztietara igoa, berriz animatu da jende aurrean jotzera, eta aspaldiko partez joko du Hernanin. Harekin batera, Achtung!! talde hernaniarrak joko du, eta bere disko berria aurkeztuko. Kaleko Urdangak taldea ere hor izango da, eta baita Aggresive Combat ere.
Aranburuk 15 urte Realean
Javier Irureta entrenatzaile zela debutatu zuen Mikel Aranburuk Realeko talde nagusian, 1997ko ekainaren 22an, Logroñesen kontra, ligako azken jardunaldian. Bi denboraldi geroago, titularra zen, ia partidu guztietan. Realaren momenturik gozoenak bizitu ditu: 2003an bigarren geratu zirenekoa, eta Txapeldunen Liga jokatzea. Eta baita momenturik txarrenak ere: 2007an bigarren mailara jaitsi izana, adibidez. Aranburuk 2012an jokatu zuen azken partidua, 14 urte, eta 437 partiduren ondoren.