Hernaniko bolariek festa eguna dute gaur Gabirian, Bola eta Toka eguna izango baita. Bertan, besteak beste, joan den denboraldian lortutako sariak banatuko dituzte eta Jose Ugalde eta Miguel Burugain hernaniarrek binakako saria jasoko dute, txapeldun izan baitziren. Omenaldiak ere izango dira. Joxe Maiz (Gabiria) eta Pedro Agirre (Legazpi) bolariak omenduko dituzte eta Prudencio Olano (Lasarte-Oria) tokalaria.
Txapelketak, goizez
Bola eta Toka txapelketak ere jokatuko dituzte. Goizeko 09:30etatik 11:00etara izango dira. Eguerdian, berriz, meza izango da eta ondoren, 14:00etan, bazkaria Osinalde elkartean.
Denboraldi berriko egutegia
Bola denboraldi berria urtarrilaren 13an hasiko da eta gaurko eguna denboraldiko egutegia zehazteko ere aprobetxatuko dute. Aurreratu dutenez, denboraldiko bigarren tiraldia urtarrilaren 20an izango da, Hernanin.