Hernani Errotzen taldeak, memoria berreskuratzeko lanean jarraitzen du eta abenduan hiru hitzaldi antolatu ditu. Lehenengoa, astelehenean izango da. Koldo Zuazo hizkuntzalaria eta EHUko irakaslea denak (Dialektologia eta Euskararen Soziolinguistika), Nafarroaren eragina euskeraren bilakaeran izeneko hitzaldia emango du. Informazio gutxi dago euskalkien jatorriaren gainean, baina dirudienez, Nafarroak eta, zehatzago, Iruñeak zerikusi haundia izan zuten horretan. Hala azaldu du Hernani Errotzen taldeak: «Erromatarren inperioaren ondorengo garaian, euskera aldatu eta batu egin zela ematen du eta Iruñea izan zela aldakuntzaren ardatza. Dirudienez, Iruñea da gaur egungo euskalkien sorguneetako bat eta baliteke, ondorengo mendeetan batasuna hautsi eta euskalkiak sortu izatea. Esan liteke, Nafarroako Erresuma desegiteak eragin zuzena izan zuela horretan».
Hernani erre zuteneko garaiak gogoan
Hurrengo hitzaldia abenduaren 17an izango da. Jesus Mari Gomez Hernaniko Udal artxiboko arduradunak emango ditu azalpenak. Eta 1332an Hernani erre zuten izenburupean izango da hitzaldia.
‘Orrega 778-824’
dokumentala
Abenduaren 19an, Nabarralde elkartearen Orreaga 778-824 dokumentala izango da ikusgai. Euskal estatuaren sorrera izango da gogoan. Dokumentala Luis Gurrutxagak zuzendutakoa da eta bere esanetan, «lanaren helburua da batailaren ikuspegi propioa ematea, orain arte izan ditugun bertsio arrotzak baztertuta».