«Intentsitate haundiko taldea da Hernani, nere izaerarekin bat datorrena»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 8a, 01:00

Egoera kaxkarrean zeuden taldeak lehenengo postuetan jarri izan dituzu. Hernanik ere indarra berreskuratu du. Zein da zure sekretua?
Taldea eramaten jakin behar du entrenatzaileak. Hogeita piko jokalari dituzu eta ho­rietatik hamaikak jokatzen dute. Jokatzen ez duten ho­riek ere motibatu egin behar dituzu. Garrantzia haundia ematen diot horri. Argi utzi behar zaie jokatzen ez badute ere, oso garrantzitsuak direla taldearentzat. Indibidualaren gainetik, kolektiboa dago eta jokalariak dira protagonista. Eta ni ez naiz ari bakarrik. Laguntzen didatenen lana ere azpimarratzekoa da. Hor daude, Ion Zabaleta, Unai Legarreta, Iñigo Arteaga…


Sekulako denboraldia egiten ari zarete, 12 partidutatik 10 irabazi dituzue. Errekorra ere lortu duzue, 9 partidu segidan irabazita. Nola baloratzen duzu orain artekoa?
Aurredenboraldian esan nuen helburua ondo hastea zela, ilusioarekin, indarrarekin… baina horrelakorik ez genuen espero. Egia esan, errekorrarena nik ez dut zerbait pertsonala bezala bizitu, anekdotikoa izan da. Ondarroan nengoenean, 8tik 8 irabazi genituen; hemen 9tik 9, baina bilatu gabe etorri den zerbait izan da. Eta oso zaila da lortu duguna. Dena dela, umiltasuna da nagusi.


Lehenengo itzulia bukatzeko 5 partiduren faltan, kontuan hartzeko bi partidu badituzue behintzat, Tolosa eta Real Unionen aurkakoak. Zein da helburua orain?
Gaur Zarautzen aurka jokatuko dugun partidua ere kontuan hartzekoa da. Gabonak bitarte hiru partidu geratzen zaizkigu; bi, goiko postuetan dabiltzan talde horien aurka, eta garrantzitsua izango da horietan lortzen ditugun emaitzak. Emaitzak onak badira, ondo ibiliko gara. Dena dela, gu partiduz partidu goaz. Ez dugu begiratzen ez atzera, ez aurrera, aurrean dugun partidura baizik.

Partiduz partidu zoazte, baina hirugarren mailara berriro igotzea posible ikusten duzue, ezta?
Aurrean ibiliko garela hori badakigu, gauzak asko okertu beharko lirateke horrela ez izateko. Hasiera onak marka­tzen du dena, baina ez da segurua eta hankak lurrean izan behar ditugu.


Zuk, Erregional ohorezko maila ondo ezagutzen duzu, baina igoz gero, Hirugarren mailan aritzeko aukera izango zenuke. Ideia horrek motibazio berezirik sortzen al dizu?
Aurretik ere egon naiz egoera berean, beste talde batzuetan, eta orain inoiz baino lasaiago nago. Ez dut pentsatzen datorren urtean. Baina gustatu bai, gustatuko litzaidake beste pauso bat ematea Hernani­rekin.


Nolako taldea da Hernani? Zeintzuk dira bere indar guneak?
Iaz, Hirugarren mailan oso gaizki pasa zuen taldea da Hernani eta nik hemen aurkitu ditut jokalariak ilusioarekin, gosearekin… Eta hori zuzendaritzak egindako la­na­ri esker izan da. Klub berezia da Gipuzkoa mailan. Her­nanik aldagela barruan daukan indarra ez da beste taldeetan ikusten. Piña bat da eta giroa ere sanoa da. Horrez gain, taldea orekatua da. Ez da hainbeste nabaritzen zeinek jokatzen duen. Inten­tsitate eta erritmo haundiko taldea ere bada eta oso fisikoa. Horrek aukera ematen du estutzeko. Nire izaerarekin bat datorren taldea da.


Eta zer dauka hobetzeko?
Hobetzeko baino, esango nu­ke erronka bat dugula. Nahiko nuke, denboraldia bukatu bitarte, taldeak duen motibazio horri eutsi eta dinamika honekin segi. Argi dago beti hobetu litekeela, baina defen­tsiboki, esaterako, gauza gutxi dago hobetzeko, 7 gol bakarrik jaso dituen talde batean.


Etorkizunerako harrobirik ba al dauka Hernanik?
Denbora gutxi daramakit, baina hasieratik ikusi dut, gauzak oso serio egiten direla hemen txikitatik. Zuzenda­ritzak, entrenatzaileek… sekulako lana egiten dute eta Hernanik etorkizun segurua dauka. Batasun haundiko kluba da eta filosofia horri eusten dio. Esa­te­rako, lehenengo taldea mailaz igo zenean taldea bere horretan mantendu zen eta orain ere blokeak jarraitzen du.


Gaur Zarautzen aurka jokatuko duzue etxetik kanpo, kontuan hartzeko aurkaria izango dela esan duzu.
Zarautzen zelai naturalean jokatuko dugu eta gu artifizialean gaude ohituta. Gainera euri asko egin du… Bergaran ere zelai naturalean jokatu genuen eta galdu egin genuen. Partidu hura hain gertu izatea ondo etorriko zaigu, akatsak ez errepikatzeko. Hori bai, hasieratik erritmo biziarekin aterako gara zelaira. Beti bezala, partiduaren bila aterako gara, gu ez gara espekulatzen aritzen.


Futbol entrenatzailea izateaz gain, musikako irakaslea zara eta Triki ta ke taldeko kidea; hortik ´Triki´ ezizena. Nola uztartzen dituzu futbola eta musika?
Horrez gain, Magisteritza ikasten ari naiz, Lehen Hezkuntzako irakasle izateko. Egia esan, askok esan didate futbola eta musika konbina­tzea ez dela ohikoena, baina nire afizioak dira. Eta uztar­tzeko ondo molda­tzen naiz. Futbolarekin udan lasaiago ibiltzen naiz eta batez ere orduan izaten ditugu emanaldi gehiago. Zailena abuztua eta irailean izaten da, baina esaten den bezala: gustoko tokian aldaparik ez!.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!