Maitane Iruretagoyena hernaniarrak irabazi dezake Urteko Atleta Onenaren saria, Espainiako Federazioak ematen duena. Izan ere, Federazioak berak kandidatoen artean sartu du Sub 23 kategorian, beste zazpi atletekin batera. Hernaniarraren alde botua eman nahi duenak internetez egin behar du Federazioaren orrialdean: www.rfea.es/mejores2012. Dagoeneko botua ematen hasi da jendea, epea orain egun batzuk ireki baitzen, eta azkeneko eguna izango da, abenduaren 20ean.
Espainiako azkarrena, promesa mailan
Maitane Iruretagoyenak ondo merezia du aurten nominazio hori. Espainiako Promesa mailan irabazi egin du bai 60 metroan, bai 100 metroan, eta baita 200 metroan ere (pista estalian eta librean). Horrez gain, Espainiako Selekzioarekin Venezuelan izan zen, nagusien mailan, Joko Iberoamerikanoetan. Lehendik ere makina bat garaipen lortutakoa da Iruretagoyena, baina inoiz sari hau merezi bazuen, aurtengo urtean merezi du. Bozkatzea erraza da, eta gainera, sari baten zozketan sartuko zara.