«Euskera tresna lehiakorrago bihurtzen badugu, erabilera erraztuko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 8a, 01:00

Hernanin, 2011n egin zen azkenekoz euskeraren erabi­le­­raren inguruko kale neur­keta. Orduko datuen arabera, her­naniarren %39,1ek egiten du euskeraz, hau da, 2006an (%31) eta 1989an (%21,3) baino gehiagok. Hala ere, gaztelania da nagusi; %60,3k egiten du gaztelaniaz. Erabilera gora egiten ari bada ere, euskerak hiltzeko zorian dauden hizkuntzen artean jarraitzen du. Xabier Amurizak Euskal Herria euskalduntzeko beharrez­ko­ak diren zazpi gakori buruz idatzi du, bere azken liburuan: Zazpi ebidentzia birjaiotzarako. Datorren aste­ar­te­an, arratsal­de­ko 19:30e­tan, ebidentzia ho­riek zein diren azalduko du Amurizak berak, Biteri kultur etxean. Lehenago, aurrerapen txiki bat egin dio Kronikari.


Euskarak bizi duen egoerari buruz, zer deritzozu?
Ba, horixe. Hilzorian diren hizkuntzen artean dagoela. Hernaniko erabilera-propor­tzioak (batez ere, goranzko joera) Euskal Herri osokoak balira, hizkuntza sendo bat, ia normaldu bat genuke. Bai­na, Euskal Herri osoko pro­portzioak joez gero –batez ere, hiri eta hiriburuetakoak–, ego­era askoz ahulagoa da. Hala ere, datu estatikoak ez dira hain funtsezkoak. Ga­rran­­tzi­tsuena joera da. Eta hori, Her­nanin, oso datu positiboa da.


Hitzaldian zazpi gako aipatuko dituzu. Zein dira gako horiek?
Liburua honela irekitzen da: «Euskal Herria euskaldun­tzea ez dago euskaldu­non esku bakarrik. Bai dago gure esku –eta geure bakarrik– hizkuntza lehiakor bat garatzea. Horrek asko lagun dezake Euskal Herria euskal­duntzen». Euskara deritzo­gun `tresna´ osoago eta lehiakorrago bihurtzen den neurrian, erabilera ere asko erraztuko da. Saiakerako zazpi gako edo `ebidentziak´ azaltzea luzeegi lihoake he­men, baina batzuk aipatzea­rren, lexikoan (hitzak) iriz­pide askoz zabalagoz eta internazionalagoz jokatu be­har da. Sintaxia, erlatiboa batez ere, osatu eta malgutu egin behar da. Aditza erraztu eta laburtu egin behar da. Eta abar.


Euskal Herria euskalduntzeko hizkuntza lehiakorragoa behar dugula esaten duzu...
Bakoitzak barruan darama­gun beste hizkuntza indartsu bat edo batzuen maila es­presibora hurbiltzen ez ba­gara, lehian beti galtzaile aterako gara. Alde hori ezin da, noski, dekretuz eta tan­pez (kolpez) orekatu, bai­na asko aurrera daiteke, irizpide eta jokaera sanoago batzuk garatuz. Horretaraxe doaz liburuko proposame­nak, aha­lik konkretuenak denak.


Era berean, euskara ´errazaren´ alde egiten dutenak ere kri­tikatzen dituzu, ondoko hizkun­tzen aldean lehiakorra izateko esaldi konplexuak ere behar dituelako euskarak.
Zer da euskara erraza? Hiz­kuntza garatu batek kon­plexutasun maila guztiak be­har ditu, errazenetik zailene­ra. Beste kontu bat da opor­tu­nitatea: noiz, nori, non. Ha­mar urteko haur bati ezin diozu hizkuntza konplexua egin. Baina adimen heldu eta landu batek euskara erraza erre­bindi­katzeak, funtsean, balia­biderik eza salatzen du. Ba­koi­tzak dakuske zer konple­xu­tasun maila edo zer estilo erabili nahi duen, baina ez dadila izan baliabide falta­gatik.


Baina, euskarak ez al ditu behar dituen baliabideak? Arazoa ez al da, agian, hiztunok garela hiz­kuntzaren baliabide horiek eza­gutzen ez ditugunak?
Hiztunok (eta idazleok eta irakurleok) baliabideak ez ezagutzea gerta daiteke, nos­ki, baina ni ez naiz saia­kera horretan inoren ezja­kintzaz ari, baizik euskaran oraindik sumatzen ditudan hutsuneez edo, neure ustez, oker hor­nituriko beteuneez. Eta eman daitezkeen edo, gutxienez, bir­plantea daitez­keen soluzi­oez.


Ondare komunaz ere hitz egiten duzu. Euskaltzaindia motelegia dela deritzozu, hitz berriak gureratzeko orduan?
Nik diodana da euskara ba­tuko hiztegiak, Euskal­tzain­diarenak barne, hiztegi oso eta lehiakor izatetik urrun daudela oraindik, eta urrats batzuk berehala eman daitez­keela. Eta eman behar direla. Ondare komuna edo gure inguruko zenbait hiz­kuntza handi eta indartsuren ko­mun­­tasun lexikala irizpide ontzat eta beharrezkotzat jotzen dut euskaran ere. Komuntasun horren adieraz­le­tzat espainola, frantsesa eta ingelesa hartzen ditut, baina hortxe daude beste batzuk ere: galegoa, katalana, por­tugesa, italianoa... Euskara ere­mu horren erdi-erdian dago.


Maileguak eta neologismoak erabiltzeko beldurra izaten dugu, ´erdarakada´ gehiegi sartzen ditugula eta. Ho­rregatik diozu hiztegi ba­te­ratu bat behar dela?
Erdarakadak oso maila ez­ber­dinekoak dira. `Konejua´ espainola da. `Lapina´ fran­tsesa da. Baina `anbizio´ da: espainola, frantsesa, ingelesa, italiera, portugesa, galegoa, katalana... Nik al dakit zen­batena? Euskaldunok ere, azken mendeetan, horixe esan dugu: anbizio, anbizio­ne, anbizino, anbizinoi... Ba­zoaz gure hiztegietara eta zer aurkitzen duzu? Ba, ikus ber­tan. Jokaera hori ia siste­ma­tikoa bada, begira oraindik non gabiltzan.


Zer egin dezakegu euskal hiztunok, euskararen erabile­ra eta garapena (eta horrekin, biziraupena) lortzeko?
Euskal hiztunok egin behar duguna da egiten ari garena egiten jarraitu, bakoitza bere inguruan, baina hizkuntza nazionalaz gehiago arduratu. Eta beste gauza asko, jakina: sentimenduen eta praktika­ren arteko koherentzia, bo­rondate politikoa, presio so­ziala... Baina horiek beste kontu batzuk dira. Nire saia­kera hizkuntzara baka­rrik muga­tzen da, tresna bezala hartu­ta. Kapitulu bakoitzean badi­ra irakurgai luze sama­rrak ere. Pasarteak dira dato­rren urtean argita­ratuko den ele­berri batekoak, zeinaren izen­burua izango den: 4 x 4 opera­zioa. Poztuko nintzateke jaki­te­az zenbaitek gehiago go­zatu duela irakur­gaiekin hiz­kuntz azalpenekin baino.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!