Akarregiko bizilagunek diotenez, abisurik eman gabe lehertzen dituzte kargak, egunean 3-4 aldiz. «Etxeak dar-dar egiten du, eta gero eta gertuago entzuten dira danbatekoak» adierazi zion Kronikari atzo, bizilagun batek. Abiadura Haundiko Trena tunelean pasako da Ibarluzetik Akarregira, eta tunel hori egiten ari dira orain. Hilabete inguru bada, leherketak entzuten direla, eta bat baino gehiagok galdetu dio bere buruari ea zer ote ziren edo noiz arte iraungo duten. Hernaniko Udalak Kronikari jakinarazi dionez, informazio haundirik ez diote eman Udalari ere, Udala saiatu den arren. Jakin ahal izan dutena, honakoa: astelehenetik ostiralera bitarte ari dira leherketa horiek egiten, eta egunean 3-4 leherketa egiten dira, eguneko 24 ordutan. Lan egiteko modua ziklikoa da, baina ez da fijoa; beraz, ez dago jakiterik zein ordutan lehertuko dituzten kargak. Astelehenean hasiko dira lanean, goizeko 07:00ak edo 08:00ak aldean, eta terrenoaren arabera, hurrengo leherketa egingo dute 8-11 ordu geroago.
Leherketa kontrolatuak
Kontrolatutako leherketak egiten ari dira Akarregiko tunelean, eta leherketa egin aurretik polizia bertan izaten da. Noiz arte iraungo duten ez du jakin Kronikak, baina auzotarrek diotenez aurreratu xamar egon behar dute lanek.