Hiru maixuren eskutik, opera: ‘bel cantoa’ eta lirika, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 2a, 01:00

‘Gauez operan’ asteazkenean, 22:00etan. Artistak: Alberto Nuñez, Ana Otxoa eta Ana Begoña Hernandez. Sarrerak salgai, bihartik Biterin, 7 euroan.

«kantu zaleentzat eta opera zaleentzat opari bat» bezala deskribatu zuen Joxan Goi­koetxea hernaniarrak asteaz­ke­neko emanaldia, Henani’n Musik aurkeztu zutenean. Al­berto Nuñez tenorea, Ana Otxoa sopranoa eta Ana Bego­ña Hernandez pianojolea elkar­tu dira, Gauez operan emanaldirako. Hiru maixuk, Ita­lia­ko bel cantoa eta lirika Herna­nira ekarriko dituzte. Gaueko 22:00etan hasiko da saioa, Biterin. Sarrerak salgai jarriko dituzte bihartik Biterin, 7 euroan.

Euskal opera eta Zarzuela
Guridi edo Usandizaga bezalako euskal autoreen opera zatiak interpretatuko dituzte hasieran. Euskal operari eskainiko diote lehendabiziko er­dia, eta bigarrenean Zar­zuelan sartuko dira. Bakarka eta binaka, soloak eta duoak egingo dituzte Nuñez barakaldoztarrak eta Otxoa bilbotarrak. Pia­noarekin laguntzen beste bilbotar bat ariko da, Her­nandez, kantuan ere ederki moldatzen dena, kantu irakasle ari baita.

Kontzertu lirikoa
Interpretazio lan bat ikusiko du Biterira asteazkenean gerturatzen denak. Opera lanen aria zatiak kantatuko dituzte, eta esan liteke, kontzertu lirikoa izango dela.

Hiru artista haundi
Hiru bizkaitar eta hiru artista haundi datoz asteazkenean Biterira. Alberto Nuñez tenoreak goi mailako ikasketak dauzka eta hainbat sari, eta ezaguna da Cafes Fortalezako anun­tzioari ahotsa jartzeagatik. Ana Otxoak Musikenen ikasi zuen eta hainbat talde espezializatutan aritu da, Easo koroa, tartean. Ana Begoña Hernandezek ere goi mailako ikasketak ditu. Pianoa jo eta kantatu ere egiten du. Kantuko irakasle lanetan ari da, besteak beste, eta solista gisa ere bai. Haendelen Mesias interpretatu izan du, edo Mo­zarten koronazio meza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!