Mendiriz mendi
«Jaun Zuriano, Jaun Zuriano, lotan zagoza? Itzarri! Zure esposa, doña Errosa, bixar dala esposa barri» dio Bizkaiko baladak. Jaun Zuria zen Bizkaiko lehenengo jauna edo nagusi izandakoa, eta askotan ibiliko zen kanpoan, Oiz magaleko bere lurraldeak ahaztuta; horrelakoren batean, hil zela zabaldu, eta andrea besteren batekin ezkontzekoa zela jakin zuen arte. Paraje dotoreak lehen, eta dotoreak orain ere. Hala dira Mendiriz Mendiko kideek ikusiko dituztenak, abendu honetako mendi trabesian, Mendatatik Durangora.
Bitxikeriak
Bizkaiko giro baserritar petoan murgilduko gara. Gure ibilian, arkitektura tradizionalaren adibide ederrak ikusteko aukera izango dugu. Etapa osoa Oiz mendi magaletatik doa. Hasierako zatia ipar isurian, Erdi Aroan jatorria duen Albiz herria eta errota eder bat ezagutuko ditugu. Oiz mendiaren hego magalera pasata berriz, baserri zoragarriak, baseliza ederrak eta paisai ikusgarriak. Bigarren etapa honetan Maumako ataritik (XV. mendea) Durango aldean sartuko gara. Ibilbide amaiera Durangon izango da. Bertan, 700 urte baino gehiago dituen hiribildua topatuko dugu. Ibilbidea historia luzea duen Albiz herritik igarotzen da. Bizkaiko jaurerriaren sorrerarekin lotuta du bere historia. Albiz da Bizkaian sortu zen lehenengo kofradia. Historialari batzuen esanetan, Bizkaiko jaurerriaren lehen jaun nagusiaren, Jaun Zuriaren, alaba Albiz herrian ezkondu zen Diego Perez de Albiz jaunarekin. Albiz herrian Bizkaiko jauntxoek dorretxe bat eraiki zuten. Dorre horri aurkariek su eman zioten, eta Albizeko jaunek gaur arteraino iraun duen beste dorre berri bat eraiki zuten. Mauma Muxikako landa-auzoa da, garrantzia daukana historia, kultura, etnografia eta gastronomia alorrean. San Lorenzo ermita barrokoa, Maumabei baserriaren alboan Oleako burdinolaren hondarrak, Asteagana galtzada... Galtzada zati hori kostaldetik Errioxa aldera gauzak eta pertsonak garraiatzeko erabiltzen zen. Momoitioko San Joan baseliza XII. mendekoa da. 1982. urtean eginiko indusketa arkeologikoetan Erdi Aroko azken zatiko hilobiak, zeramikak, zilarrezko eraztunak eta XIII eta XIV. mendekoak bezala datatu diren beste hainbat objektu aurkitu ziren. San Martin baseliza txikia ere pasako dugu.
Ibilbidearen deskripzioa
Elexalde Mendata herritik aterako gara hego aldera. Errepide ondoko bide batetik jarraituko dugu Uria auzora iritsi arte. Auzo txikia baina xarma handikoa. Berriro errepidera atera eta eskubira, asfaltatutako pista batean segi. Pinudi bat zeharkatu eta Albiz herrian gara. Errepidera aterako gara. Zeharkatu, eta aurrean dagoen pista hartu. Bideari segita, pistatik, Gola errekaraino jaitsi. Bertan Ikeriako errota ikusgarria dago. Zubi txiki bat pasa eta pista batera aterako gara. Pistan joan ehun bat metroan, eta ezkerrera egin behar da bidezidor batetik gora. Bideak pinu artean egiten du gora, baina gero basoa bukatu eta animalientzako bazkaleku ederrak diren soroetara iritsiko gara. Bista ederrak. Segi pistari, eta errepidera. Baserri baten eskubitik, bidetxo bat abiatzen da. Horri jarraitu eta zementuzko pista batera iritsiko gara. Pistan gora, eta eskubira egiten duen bidezidorra hartu. Maskagakorta esaten zaion toki honetan, Lekeitiora joateko bidea dago (GR 38.1), eta bide horretatik, Santutxu ermitaren parean, Ondarroara joateko GR 38.2 ibilbidea abiatzen da. Pinudi gazte bat zeharkatuta Askakurutzeko leporaino goaz. Beheraka, pinudi handi batera sartu, eta Maumara hurbilduko gara. Mauma auzoak xarma haundia du. Baserriak ederrak ditu: Saluente, Goikoetxegoikoa eta Goikoetxebekoa. Auzora sartu eta berehala ezkerrera, asfaltatutako pistari segi. Maumabei baserrira jaitsi. Hemen ezkerrera, zubia pasa, eta pista batetik gora jo, bidegurutzeraino, Maumako Atariraino. Guk ezkerrera, gora, egin behar dugu. Lisiarreko atsedenlekura iritsiko gara. Hamaiketakoa. Errepide bati jarraituko diogu, behe aldera, bostehun metro inguru, gure ezkerrean jaiotzen den pista batera iritsi arte. Pista hortatik bidegurutze bateraino segi. Erdikoa hartu, Iurreta aldera. Pinudi bat pasa, eta ur-biltegi zahar bat. Aurrerago, asfaltatutako bide bat. Segi bide horri, bidegurutzeraino. Santa Katalinako baselizaz gozatu. Momoitioko San Joan aldera egin behar da. Asfaltatutako bideari segi, baselizaraino. Durango begi-bistan dugu. Errepidea, aurreraxeago, hirutan banatzen da. Erdikoa hartu, eta ataka bateraino. Eskubian bidezidor bat. Hori hartu eta jaitsi, Aranaerreketa baserriraino. Han eskubira hartu, eta San Martin ermitara. Handik Ametzabekoa eta Ametzagoikoa baserrietara iritsiko gara. Pista asfaltatu bihurtzen da. Ezkerrera egin eta autopista alboan bidegurutze batera iritsiko gara. Ezkerrera, autopista azpitik pasa, eta San Migel eliza. Iritsi gara.
Datu interesgarriak
- Distantzia: 21 Km.
-Denbora: 5-6 ordu.
-Desnibela: 550 m gora eta 650 m behera.
-Gailurrik altuena: ez dago.
-Zailtasuna: Zailtasuna berezirik gabekoa.
-Beharrezko materiala: mendiko materia arrunta.
-Mendiriz Mendik abenduaren 16an egingo du irtenaldi hau.
San Martin baseliza txikia baina oso zaharra da. X-XI. mendeko leiho monolitikoa bat kontserbatzen du. Bere atarian plaka bat du eta bertan hurrengoa jartzen du:
«Sancho IV de Navarra el 26 de agosto del año 1072 donó al monasterio de San Millan de la Cogolla esta iglesia. Con el rey firma Don Iñigo Lopez y Doña Toda, su mujer, señores de Vizcaya».