Hiru sari, Hernaniko kirolarien lana eskertzeko

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 2a, 01:00

Abenduaren 14an hiru sari banatuko dituzte Sandiusterrin, Hernaniko kirolarien lanari esker onez: Kirol Saria, Babes Saria, eta Hernani Saria. Hernaniko 22 kirol taldeek sei hautagai proposatu dituzte hiru sari horietarako. Ekitaldia, abenduaren 14an, 19:00etan, Sandiusterrin.

nobedade haundia dute aurten Hernaniko kirolariek. Abenduaren 14an, Sandius­terrin, hiru sari banatuko dira, kirol munduan egindako lana eskertzeko. Ekitaldi hau antolatu du Hernaniko Kirol Ba­tzor­deak; talde horrek urtebete lanean daramaki, eta herriko 22 kirol taldeak biltzen ditu. Hiru sari banatuko dira:  1) Kirol Saria, 2012ko kirol lor­penengatik emango da. 2) Babes Saria, kirol talde ba­tean egindako lana eskertzeagatik emango da. 3) Hernani Saria, ibilbide oso bat saritu nahi da, kirolari gisa, edo antolatzaile gisa. Hernaniko 22 kirol talde horiek proposamenak egin dituzte, eta sei hautagai dau­de hiru sarietarako. Datozen asteetan erabakiko dute sei horietatik zein hiruk jasoko duten saria. Kirol Saria jaso­tzeko hiru hautagai daude: Aitor Gorrotxategi pelotaria; Ane Lopez de Arregi atleta; eta Errugbi Taldea. Babes Saria jasotzeko talde bakarra dago, Hernaniko kross herrikoiak antolatzen dituen taldea. Hernani Saria izango da sari nagusia, eta horretarako bi hautagai daude: Batis Larburu, arraun taldean urte luzez egindako lanagatik; eta Ricardo Ramos, CD Hernani taldeko lehendakari gisa pasatako urte guztiengatik eta egindako lanarengatik.

Sari banaketa honek ordezkatuko ditu, Udalak egin izan dituen harrerak
Kirol Batzordeak aho batez erabaki zuen urtero hiru sari banatzea, eta Udalak harrera ofizialik ez egitea Hernaniko kirol taldeei. Arrazoiak bi dira, batez ere. Batetik, ebitatu egiten da kirol jakin ba­tzuetan zentratzeko arriskua. Bestetik, kontuan hartzen da beste jende baten lana, kirolari ez izanagatik, kirolaren alde lan haudia egin baitute. Asmoa da, Hernaniko ki­rol sekzio guztiek lekua izatea ekitaldi horretan, aurten ez bada, datozen urteetan.

Aukeraketa, bi fasetan
Aukeraketa bi fasetan egingo dute, Hernaniko kirol taldeek. Lehenengoa zen, hautagaiak proposatzea, eta orain, epea zabalik daukate beren botua emateko. Sei hautagaietatik hiruk jasoko dute saria, aipatzea denek merezi izan arren. Abenduaren 5era bitarte izango da botua emateko aukera. Dena dela, irabazleak zein diren ez da jakingo azkeneko egunera arte. Sandiusterriko ekitaldian bertan jakinaraziko dituzte irabazleen izenak.

Hitzaldi motx batekin hasiko da ekitaldia
Ekitaldiari hasiera emateko, Dorleta Ugaldek hitz egingo du, kiroleko genero berdintasunari buruz.

Hernani Saria - Hautagaiak

Batis Larburu, arraunlari eta lehendakari
40 urte baino gehiagoz Arraun Elkarteko zuzendari­tzan (1970-80-90-2000 ha­markadak). Arraun Elkar­te­ko lehendakari 90-2000 ha­markadetan. Arraun­­­lari, zazpi urtez (1971-78). Tartean, Kontxako Ban­de­ran laugarren, Pedreña eta Astilleroko banderak, Espai­niakoan 3garren, Gipuzkoakoan 2garren, Zarauzkoan 2garren...

Ricardo Ramos, CD Hernaniko lehendakaria
Elgoibarren futbolean jokatutakoa, hirugarren mailan. Hernanira etorri, eta CD Hernanin sartu zen Ceferino Ormazabalek konbentzituta. 43 urtez zuzendaritzan, eta azken 20 urteetan lehendakari. Gipuzkoako delegatu onenaren saria eman zioten, eta CD Hernaniko urrezko intsignia ere bai.

BABES Saria - Hautagaiak

Hernaniko kross herrikoien antolatzaileak
Hamar lagun ari dira talde honetan jo eta su, urteroko hiru karrera herrikoiak antolatzen. Adarraga memoriala, Hernanin ohitura haundiena daukana, aurten 59garren aldiz egin dute. Azeri Bila, dagoeneko sendotuta dagoen lasterketa da, 700 parte hartzaile inguru dituena, 13ga­rren edizioan. Sagar Lasterra, azkenik, indarra hartzen ari da; aurten, seigarren edizioan, 300 lagunek parte hartu zuten.
Antolatzaileak: Manu Iras­tor­za, Migel Angel Garin, Javi Galan, Juan Luis Alfaro, Ma­riano Valles, Javi Rodriguez, Jose An­dres Iturralde, Goio Ortiz, Ca­r­los Gallego, Josetxo Etxeberria.

Kirol Saria - Hautagaiak

Ane Lopez de Arregi, atleta
15 URTE ditu, eta Gipuzkoako maila absolutuan 5garren postua lortu du luzera jauzian. Alebin mailako Euskadi eta Gipuz­koako luzera jauziak irabazi zituen. Kade­teetan, Euskadi eta Espai­nia­ko txapelduna da luzera jauzian, aire librean. Pista estalian, Euskadikoa irabazi zuen luzera jauzian eta Espainian 3garren postua lortu. 300 metroan, Euska­diko 3garren.

Aitor Gorrotxategi, pelotaria
afizionatuetan hiru atzelari onenen artean dago Gorrotx­a­te­gi. Azken bi urteetan dena irabazi du, Gipuzkoa, Euskal Herria eta Herriarteko Txapel­duna da, adibidez. Herriarteko 4 Txapel irabazi ditu (Hernanik 5 ditu). 9 urterekin hasi zen pelotan, eta kadetea zenetik nabar­mendu. Hainbat sari irabazitakoa da, tartean DV txapelketa, txapelketa pribatuetan garrantzitsuena.

Hernaniko Errugbi Taldea
47 URTEKO historia dauka errugbi taldeak. 1978-87 urte bitartean Ohorezko A mailan jokatua, eta lau aldiz txapeldunorde izana. 2012an berriz igo da Ohorezko A mailara, 25 urte eta gero. Jubenilak bi aldiz Es­tatuko Txapeldun, eta Kade­teak behin txapeldunorde (1987) eta behin hirugarren (1999). Azken 12 urteetan, jubenil, kadete eta infantilek 15 aldiz Euskadikoa. Nesken taldea sortu zuen iaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!