Nolako esperientzia da zuentzat selekzioarekin jokatzea?
Oso ona, krixtona. Kalitate haundia dago han eta asko ikasten da. Gustora hartzen dira halako deialdiak. Gainera, poztu egiten zara, izan ere, han lagunak egiten dituzu eta batzuk, esaterako, bizkaitarrak dira eta horrelakoetan bakarrik ikusten dituzu.
Orain Hernanin jokatzen duzue, baina zuen ilusioa bada gorengo mailan jokatzea, Realean esaterako?
Txikitatik denok dugun ametsa da, eta gure kasuan, gipuzkoarrak izanda, Realean jokatu nahiko genuke, baina helburua ez da hori, ondo pasatzea baizik. Futbolean disfrutatu nahi dugu eta halako zerbait lortuz gero, primeran, baina bestela ere bai. Gainera, ez dakigu ikasketak tarteko, hemen jarraituko dugun... Eta ez da mutilen kasuan bezala, guk ezin dugu futbolaren menpe bizi. Baina futbola gustatzen zaigu eta ahal dugun bitartean jarraituko dugu.
Zuen taldeari dagokionez, mailaz igo zineten iaz eta Euskal Ligan jokatzen ari zarete aurten. Nola ikusten duzue taldea?
Gure aspirazioa mantentzea zen eta ikusten dugu mantendu bakarrik ez, hirugarren gaudela. Garrantzitsuena pausoz pauso joatea da eta partiduro borrokatzea. Talde ona daukagu. Hori bai, oso talde gaztea da. Asko, kadeteak eta jubenilak gara eta notatzen da partidu batzuetan. Gu santu batzuk gara, ez dugu maliziarik. Hala ere, ez dugu baztertzen maila nazionalera igotzea. Zaila da, baina esperantza badugu.
Mailaz igotzea nola bizitu zenuten?
Krixtona izan zen! Partidu baten faltan, Zumaiakori 1-6 irabazita bagenekien matematikoki igo ginela eta han ospatu genuen. Konfetiak, txanpaina, pankartak... eraman genituen. Gero bazkaria egin genuen hemen eta azkenean eguna luzatu egin zen...
Orokorrean nola ikusten duzue emakumezkoen futbola?
Geroz eta hobeto, baina bide luzea dago oraindik egiteko. Geroz eta garrantzia gehiago ematen ari dira, partiduak telebisatzen ere hasi ziren iaz, baina poliki doa.
Eta Hernanin?
Ondo baloratua dago eta badago zaletasuna. Kadete eta infantiletan ere badaude hiru talde eta jubenilak taldea atera nahian dabiltza. Klubeko arduradunak ere oso inplikatuta daude eta lan haundia egiten ari dira nesken futbolaren alde. Hori asko eskertzen dugu.
Gaurko partiduari begira, Barakaldoren aurka jokatuko duzue, liderraren aurka. Nolako partidua espero duzue?
Zaila, baina gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu. Aurrelari ona dute, baina jokalari batek ezin du dena egin. Partidu zaila izango denez, herritarrei dei egiten diegu Zubipera gerturatzeko. Eskertuko dugu laguntza.
Jokalarien datuak:
Olatz Santana: atezaina, 15 urte, hernaniarra. Euskal Selekzioarekin Sub16 mailan, behin jokatua.
Maria Granado: erdilaria, 15 urte, hernaniarra. Euskal Selekzioarekin Sub16 mailan, bitan jokatua.
Maialen Goikoetxea: defentsa, 17 urte, hernaniarra. Euskal Selekzioarekin Sub18 mailan, bitan jokatua.
Ylenia Morales: aurrelaria, 17 urte, ordiziarra. Euskadiko Selekzioarekin Sub16 eta Sub18 mailan, 4 urtetan hainbatetan jokatua. Espainiako Selekzioarekin Sub16 mailan, bitan jokatua.