Azken egun hauetan gogotik bota du euria, eta Añarbeko urtegia %82an dago beteta. Hala ere, ez du aterik ireki behar izan ura askatzeko, eta bertako arduradunek adierazitakoaren arabera, nahikoa leku dago oraindik espero diren prezipitazioei kontu egiteko. Datozen egunetan gainera, euri gutxiago espero da.
Lehengo urtean baino
euri gutxiago
2011 urtean metro karratuko 2.133 litro jaso ziren Añarbeko urtegian. Aurtengo balantzea egiteko hilabete falta bada ere, euri gutxiago egin duela adierazten dute datuek, orain arte metro karratuko 1.610 litro jaso baitira.
Lehengo urtean azaroa izan zen hilabete euritsuena; metro karratuko 378 litro jaso ziren. Otsailean ere gogotik bota zuen euria, metro karratuko 317 litro, hain zuzen. Aurtengo azaroan berriz, 230 litro jaso dira. Bestalde, urteko hilabete euritsuena urtarrila izan da; metro karratuko 266 litro hartu ditu urtegiak.
Urtegiaren %82 beteta
Añarbeko urtegiak 37 milioi metro kubiko ur jasotzeko tokia du, eta dagoeneko, ia 31 milioi metro kubiko ur hartu ditu. Hala ere, beste 6 milioi metro kubiko ur hartu dezake oraindik, eta arduradunek adierazi dute ez dela arazorik izango urari eusteko.
Datozen egunetan euri gutxiago espero da, eta oraingoz, ez da urtegiko aterik ireki behar izan.