«Ideia gehienak zuzenean etortzen zaizkit, zilarra eskutan dudanean»

Kronika - Erredakzioa 2012ko abe. 1a, 01:00

Hernaniko Artisau Azoka izango da bihar Atsegindegin, goiz eta arratsalde. Produktu ezberdine­t­ako 25 artisau pos­tu izango dira. Tartean, Nekane Flamarike bitxigile hernaniarrarena.

Nekane Flamarike Arte Ederretan lizentziatua da eta diseinuan espezializatua. Ira­kas­kuntzan eta diseinu grafikoan hainbat urtetan lan egin ostean, 2007an bitxigintza ikasten hasi zen Donostian; 20 urte zituenetik gustatu izan bai­tzaio. Bi urteko ikasketak egin ondoren, bere kaxa hasi zen bi­txiak lantzen. Osiñagan du tailerra. Eta ordutik, bere emai­tzak Hernaniko Artisau Azo­kan urtero ikusteko aukera izan da. Bihar ere bertan izango da eta oraingoan berrikuntza nabarmenarekin dator: esmaltea. «Hasieran zilarra bakarrik lan­­tzen nuen. Aurten beste pauso bat eman dut eta esmaltearekin hasi naiz. Oso gustora na­go. Koloreekin jolasteko auke­­­ra ematen du eta kreatibitatea gehiago lantzeko aukera ere bai. Diseinua berdina izan arren, kolore ezberdinak sar­tzen dituzu, nahastu egiten di­tu­zu... edukia aldatu egiten da eta beti desberdina da egiten du­­zu­na». Es­maltearen oinarri­an ere zilarra erabiltzen du Fla­ma­rikek. Lanak, interneten ikus­gai: pitxipolit.artesanum.com.

Ideiak, zuzenean
Bitxi bat egiten hasi aurretik, di­seinua marraztu egiten duen gal­detuta, Flamarikek dio az­ken aldian zuzenean egiten di­tuela bitxiak. «Lehen, bozetoak egiten nituen, baina orain askotan, zu­zenean etor­tzen zaizkit ideiak. Zilar zatia eskutan du­danean etortzen zait inspirazioa».

Kolore eta formen esentzia
Flamarikek bere lana hala ikusten du: «Kolore eta formen esentzia lantzea gustatzen zait». Jende­ak esan ohi dionez, xinpletasunean oinarrituta, linea diferentea eta originala da darabilena eta janzteko errazak diren bitxiak sortzen ditu.

Euskal Herritik kanpo
Flamarike Euskal Herriko he­rri ezberdinetan ibili ohi da azokaz azoka, asteburu eta zu­bietan. Baina aurtengo irailean, Euskal Herritik kanpo, Ma­drileko azokan izan da. Es­perientzia baliagarria izan de­la dio, «jende gehiago ezagu­tzeko aukera ematen baitu».

Sei hernaniarren postuak
Artisau Azoka Atsegindegin izango da bihar, goizez 11:00e­ta­tik 14:30etara eta arra­tsaldez 17:00etatik 20:00eta­ra. Bertan izango dira Gipuzkoa osotik etorritako artisauen 25 postu. Hernaniarrak, 6 izango dira. Nekane Flamarikez gain, Anas­tasia Leunda (artilea, ezkurra), PupilBags faktoria (poltsak), Ziku (bitxiak), Amano Batik (batik) eta Biteri kultur etxea (zeramika). Flama­rikeren esanetan, «azoka interesgarria da. Mugimendua izaten da eta jendea erostera etortzen da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!