Euskal Herri berri baterako oinarriak, Olariagaren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 28a, 01:00

Andoni Olariaga filosofoak hitzaldia emango du bihar, 19:30etan Biterin, Natza elkarteak antolatu duen ‘Xake ukazioari!’ zikloaren barruan.

Euskal Herri berria asma­tzen izenburua jarri dio Olariagak bihar emango duen hitzaldiari. Besteak beste, ezker abertzale berriaren aportazioen inguruan hitz egingo du, 19:30etatik aurrera, Biteri kultur etxean. Andoni Olariaga filosofian lizentziatua da, eta filosofia gaiei buruzko Lapiko Kritikoa blogeko partaidea ere bada. 2010ean, Moderni­tatearen auziaz liburua argitaratu zuen Jon Jimenezekin batera. Nazioa, nazionalismoa, kolektibo imajinarioak eta euskal identitatea dira liburuan jorratzen diren gai nagusiak. Biharko hitzaldia lehenengoa izango da, Natza elkarteak antolatu duen Xake ukazioari! zikloaren barruan egingo diren hainbat hitzaldiren artean.

Ideologia hegemonikoa
Andoni Olariagak ezker abertzale berriaren, Sorturen aportazioaren inguruko haus­narketa egingo du bihar emango duen hitzaldian. Besteak beste, ideologia he­gemonikoaz arituko da. Olariagaren hitzetan, «hegemonia hitza modan dago egun, baina gaizki erabiltzen den kontzeptua da». Hegemonia zer den azaltzeko Sortu alderdi politikoaren ponentzia izango du ardatz, eta gaur egun egiten den kontzeptuaren erabilera okerra azaltzeko hainbat adibide emango ditu. Ideologia espainolak he­gemonia kontzeptua nola erabiltzen duen azalduko du, eta horren aurrean du­gun erantzuteko moduaren inguruko kritika egingo du. «Ideologia espainolak erabiltzen duen hegemonia politikaren atzean ondo pentsatutako operazioa da­go, eta normalean, ez gara horretaz konturatzen». Espainiatik datorren diskurtso hegemoniko horretaz jabetu eta erantzuna nola eraikitzen dugun ikusaraziko du Olariagak.

Biktimak eta biolentzia
Biharko Euskal Herri berria asmatzen hitzaldiaren beste ardatza biktimak eta biolen­tzia izango dira. «Gaur egungo diskurtsoan aipatzen da atzera egingo bagenu berdin jokatuko genukeen edo ez». Haus­narketa horren inguruko kritika ere azalduko du Ola­riagak.

‘Xake ukazioari!’ zikloa
Natza elkarteak antolatu duen Xake ukazioari! zikloaren barruan egingo den lehenengo hitzaldia izango da biharkoa. Zehaztu ga­be badaude ere, aurrerago beste pare bat egiteko asmoa azaldu dute antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!