Hernanialdeko AEKko ikasle eta irakasleak BCBL ikerketa zentroan

Kronika - Erredakzioa 2012ko aza. 25a, 01:00

Hizkuntzarekin zerikusia duten prozesuetan garunak nola funtzionatzen duen aztertzen dute BCBLn. Pertsona elebidunak ikertzen ari dira orain.

Hernanialdeko AEKko ikasle eta irakasleak Donos­tiako Miramon Parke Tekno­lo­gi­koan dagoen Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa zentroan izan ziren azaroaren 7an. Ikerketa zentro honetan, hizkuntzarekin zerikusia du­ten prozesuetan garunak nola funtzionatzen duen aztertzen dute.


Elebidunen garunak
Udaberri aldera, bertsolarien burmuinak ikertu zi­tuz­ten, ondoren, bertsolariak ez ziren euskaldun-zaharren burmuinekin alderatzeko. Orain, pertsona elebidunen garunak aztertzen ari dira. Kasu honetan, interesa­tzen zaizkien pertsonen perfila ondorengoa da: ama-hizkun­tza gaztelera du­ten pertsonak, eta bigarren hizkun­tza, euskera edo ingelesa. Bigarren hizkuntza hori 7 urterekin edo gehiagorekin ikasi dutenak hartzen dituzte kontuan. Her­nanialdeko AEKko 40 ikas­le e­­ta irakasle inguru bertan izan ziren, ikerlarien azalpenak entzuteko eta zentroko aparatuak ezagutzeko.


Hizkuntzaren barneratze prozesua aztergai
Euskaltegiko ikasle gehienak euskaldunberriak dira, eta ho­rrexegatik, BCBLko ikerlari taldearentzat interesgarria da ikustea burmuinak nola funtziona­tzen duen bigarren hizkuntzaren barneratze prozesuan. Ikerketarako jendea behar dute, eta izena emateko aukera badago. Ikasle batzuk animatu dira, eta beharrezko baldintzak betetzen badituzte, ikerketan parte hartuko dute.

Ikerketan parte hartu
Ikerketa martxan dago oraindik, eta bertan parte hartu nahi dutenei animatzeko deia luzatu zieten. Ama-hizkuntza gaztelera duten pertsonak, eta bigarren hizkuntza gisa euskera edo ingelesa ikasi dutenak interesatzen zaizkie. Burmuinaren antolaketa aldatu egiten da bigarren hizkuntza bat ikastean, eta pertsona elebidunek, elebakarrek baino gaitasun hobeak dituzte arretarako, memoriarako eta inhibizio kontrolerako. Ikerketa honetan, burmuinaren funtzionamendua aztertzen ari dira, eta emaitzak baliagarriak izan daitezke etorkizunean, hizkuntzarekin lotutako arazoak konpontzeko. Ikerketan parte hartzeko edo informazio gehiago lortzeko, idatzi helbide honetara: m.oliver@bcbl.eu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!